Erabateko paralisia dutenekin komunikatzeko interfazea garatu dute
2017/02/08 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Erabateko paralisi motorra izanik, gaitasun kognitibo eta emozionalak bere horretan mantentzen dituzten pertsonekin komunikatzeko interfazea sortzea lortu dute. Tübingen-eko Unibertsitate alemaniarreko ikertzaileek garatu dute, eta haien pentsamenduak komunikatzeko gaitasuna ez duten pazienteentzat laguntza handia izan daitekeela adierazi dute.
Bere Baitan Itxitakoaren Sindromea duten pertsonekin egin dute ikerketa (sasikoma ere deitzen zaio egoera horri). Pertsona horiek etena dute bizkarrezur eta garunaren arteko komunikazioa, lesio larri baten ondorio, eta ezin dute mugitu beren gorputzeko giharrik. Ikerketan parte hartu dutenek ezta begiak ere ezin zituzten mugitu. Era guztietara, kontzientzia eta pentsatzeko gaitasuna mantentzen dute.
Teknika berriaren bidez, galderak egin eta pazientearen bai/ez erantzunak identifikatu ahal izan dituzte. Galdera pertsonalak egin dizkiete, esaterako, “Zure senarrak Joachim du izena?”. Denek erantzun dituzte galderak, eta % 70i zuzen erantzun diete.
Ikertzaileek onartu dute hasiera batean harrituta geratu zirela pazienteen erantzunekin. Hainbat astetan galderak egiten aritu zitzaizkien, eta zoriontsu ote ziren galdetutakoan, gehienetan baietz erantzun zuten, muturreko egoera horretan bizi ziren arren. Kasu batean senideek pazienteari galdetu zioten haren alaba bere mutil-lagun Mariorekin ezkontzerik nahi ote zuen, eta hamarretik bederatzitan ezetz erantzun zuen.
PLOS Biology aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta horren arabera, gailuak garuneko odolaren oxigeno-mailaren aldaketak eta garuneko aktibitate elektrikoa neurtzen ditu. Horretarako infragorri hurbileko espektroskopiaren eta elektroentzefalografiaren konbinazio bat erabiltzen du. Orain arte erabili izan da interfazeren bat komunikazioa hobetzeko, baina gertuko infragorri espektroskopian oinarritutakoa izan da halako paralisi-maila dutenekin komunikatzeko erabilgarri suertatu den bakarra.
Oraingoz lau pazienterekin bakarrik probatu dute, hortaz sistema garatzeko paziente gehiagoren parte-hartzea beharrezko ikusten dute ikertzaileek. Argi dute, ordea, sasikoman dauden pertsonekin komunikazioa errazteko balio lezakeela, eta mugimendua berreskuratzen hasteko ere lehenengo urratsa izan daiteke komunikatzeko modua izatea.
Talde horretan ikertzen duen Ander Ramos neurozientzialaria elkarrizketatu genuen duela bi urte, Walter Kalhkhofe-Rose saria jaso zuenean. Hemen elkarrizketa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia