Erabilera anitzeko bakterioa
2001/05/31 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Unibertsitate horretako Michael Manson biokimikariak E. coli bakterioak janaria lortzeko duen jokabidea aztertu du, hau da, bakterioaren kimiotaxia. Adibidez, maltosa azukreak bakterioa erakartzen du; nikel-ioiek, aldiz, urrunarazi egiten dute. Horretarako, bakterioak erakartzen eta saihesten dituen gai kimikoen kontzentrazioak neurtzen dituen sentsore moduko bat du.
UCLAko beste ikertzaile batzuekin elkarlanean, E. coli -ak nitratoak ekidin ditzan lortu du Mansonek. Berez, nitratoak oso elikagai garrantzitsuak dira bakterioarentzat, beraz, talde horrek bakterioaren biosentsorea alda daitekeela erakutsi du. Kasu horretan, bakterioari ezarritako proteina baten bidez lortu dute aldaketa. Sistema horri esker, E. coli bakterioaren errezeptoreak edozein molekula kimiko ezagutzeko gai izan dadin lortu ahal da.
Horretaz aparte, bakterioak leku jakin batera zama garraiatzeko erabili nahi dituzte ikertzaileek. Arazo handiena zama nola ezarri da eta, egin diren ikerketen arabera, irtenbideetako bat bakteriofagoak erabiltzea da.
Bakteriofagoek bakteriak hiltzen dituzte, baina mutazio baten bidez inhibituz gero, bakteriofagoaren laguntzaz bakterioan nahi den molekula sartzea lortuko da. Horren inguruko ikerketak hastapenetan egon arren, bakterioa hormonak edo tumoreen aurkako sendagaiak eramateko erabili ahal izango dutela uste dute ikertzaileek.
Bestalde, bakterioak nanofluxuetan ere erabilgarriak izan daitezke. Hodiak oso txikiak direnez, fluxua bultzatzeko erabiltzen diren ponpak askotan kalteak eragiten dituzte, presio handiegia sortzen dutelako. Hori eragozteko, turbina moduan E. coli -aren flageloa erabiltzea proposatu dute ikertzaileek.
Bakterio bakoitzak lau flagelo inguru ditu eta horiei esker propultsatzen da. Propultsio-indarra lortzeko, flageloaren oinarrian segundoko hainbat bira ematen dituen motor elektriko bat du. Flageloaren motorra aztertu, eta bakteriotik bereizitako motor flagelarra egiten saiatzen ari dira. Motor hori mintz biologikoetan eta artifizialetan jarri nahiko lukete. Zalantzarik gabe, nanoteknologian aurrerapauso garrantzitsua izango litzateke.
Antza, neurri txikiko izaki horiei eman dakiekeen erabilerak ez du mugarik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia