}

Erabilera medikorako kalamua sailkatzeko teknika berri bat garatu dute

2024/03/18 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

erabilera-medikorako-kalamua-sailkatzeko-teknika-b
Kalamu medizinalaren landaketa. Arg. Pexels/Cannafornia

Kalamua medikuntzan erabili ahal izateko, kalamu-landareen hazkuntza zorrozki kontrolatzeko teknika analitiko azkar bat garatu dute EHUko IBeA taldeko ikertzaileek. Zehazki, landareak kannabinoide-motaren arabera sailkatzen dituzte, irudi hiperespektralak eta ikasketa automatikoa erabilita. Teknika berriak aukera ematen du kalamu medizinaleko landareen trazabilitatea edo kalitate-kontrola era automatikoan ziurtatzeko, maila industrialean.

Azken urteetan gero eta onartuago dago kalamua oso baliagarri izan daitekeela zenbait gaitzetan edo minaren aringarri gisa. Kalamuaren konposatu kannabinoideek pizten dute medikuntzan interes handiena; izan ere, besteak beste, garunaren plastizitatearen, neurona-garapenaren, oreka energetikoaren eta jateko gogoaren erregulazioan eragiteko ahalmena dute. Nolanahi ere, kalamuak kannabinoide-mota desberdinak sintetizatzen ditu, eta, beraz, ezinbestekoa da landareen ekoizpen-prozesuan kalitate-kontrola bermatzeko metodo zehatz eta eraginkorrak garatzea. 

Kalamu-landareak ekoizten diren tokian bertan landareak azkar sailkatzeko teknologia analitiko aurreratu bat proposatu dute ikertzaileek. Hain zuzen, frogatu dute, irudi hiperespektralak eta ikasketa automatikoa erabiliz, kalamuaren landareak kimiotipoen arabera sailka daitezkeela. Izan ere, kalamuaren I, II eta III kimiotipoak kalamuaren THC eta CBD kannabinoideen kontzentrazioaren arabera bereizten dira. THCa kalamuaren osagai psikoaktibo nagusia da; CBDa, berriz, ez da psikoaktiboa, eta erabilera terapeutikoa du.

Ikertzaileak azaldu duenez, irudi hiperespektralaren bereizgarria da hiru dimentsio dauzkala. Hau da, argazki arrunten bi dimentsioak ditu, pixeletan banatuta, baina, pixel bakoitzak kolore bakarra izan beharrean, espektro oso bat dauka. Horrenbestez, hiru dimentsioko datu-kubo bat lortzen da. Infragorri hurbileko espektro oso bat dagokio pixel bakoitzari, eta horrek ahalbidetzen du landareen analisi ez inbaditzailea egitea.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia