}

Eragiok, mutil, aurreko danbolinari

2002/12/30 Elhuyar Zientzia

Europako gaztainondoak mehatxupean daude. Izan ere, tinta gaixotasuna gero eta gehiago ari da hedatzen, eta toki askotan gaztainadiak larri kaltetuta daude, tartean Euskal Herrikoak.

Tinta onddo batek eragiten du, Phitophtora cinnamoni onddoak hain zuzen. Sustraietan errotzen da, eta handik zuhaitzaren ehunetara sartzen da. Denborarekin, zuhaitza ahultzen joaten da, hostoak galtzen ditu eta, azkenean, hil egiten da. Tratamendua emateko sustraietara iristea ez da batere erraza, eta beste bide batzuk ere probatu dira, adibidez, hibridatzea eta berezko erresistentzia duten gaztainondoak bilatzea. Baina emaitzak ez dira onak izan.

Orain, Galiziako ikertzaile-talde batek onddoarekiko erresistentzia ematen duten geneak aurkitu eta gaztainondoaren DNAn sartzeko asmoa du. Horrela, gaztainondo transgenikoek ez lukete gaitz hori harrapatuko. Hasteko, Arabidopsis thaliana landareen geneak ari dira aztertzen, haren genoma deskodetuta baitago. Dagoeneko, tintarekiko erresistentzia eman dezaketen lau gene identifikatu dituzte, eta gene horiek gaztainondoaren DNAn sartzeko, Agrobakterium tumefaciens bakterioa erabiliko dute.

Teknika hori dagoeneko erabili da AEBetan, hango gaztainondoak hondatzen zituen herdoilari aurre egiteko. Nolanahi ere, oraindik lan asko dago egiteko, eta ez dirudi datorren neguan gaitzari aurre egiten dieten gaztaina transgenikoak jateko aukera izango dugunik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia