}

Eraikin publikoak: instalazio bereziak

2002/11/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zerk egiten du arrakastatsu leku publiko bat? Zergatik biltzen da jendea maiz toki batean eta ez hainbestetan beste batean? Erantzutea erraza balitz, hiriak atseginagoak izango lirateke… ala ez? Argi dago, diru-eskasiak mugatzen ditu aukerak; baina, beharbada, hori aitzakia besterik ez da eta diseinu atseginagoak eta originalagoak erraz egin daitezke.
Kyotoko tren-geltokia.

Eraikin publikoen kasuan, neurri handi batean, funtzionalitateak agintzen du. Autobus-geltoki bat diseinatzean, adibidez, lehentasuna garraioaren ezaugarriek finkatzen dute. Baina ezaugarri horiek kontuan hartuta, eraikin publikoek esperimentatzeko aukera eskaintzen diote arkitektoari, bai material berrien eta bai diseinuaren ikuspuntutik.

Askotan esperimentu horiek ekitaldi handietarako eraikin merkeak egiteko modu bakarra izaten dira, hain zuzen ere. Estadio sabaidunak adibide onak dira: sabai handiak eta argitsuak egiteko egitura arinak eta, era berean, erresistenteak behar dira. Osakako Erakusketa Unibertsalerako, lehen sabai pneumatiko erraldoia eraiki zen 1970ean. Antzeko beste egitura batzuk ere asmatu dira geroztik instalazio bereziak eraiki ahal izateko.

Eraikin publikoak instalazio bereziak dira, diseinuaren, tamainaren eta beste hainbat ezaugarriren ikuspuntutik. Normalean, espazio handia izaten dute (45.000 metro karratuko planta izatera irits daitezke); lurrazalean edo lurpean egon daitezke; batzuk argi naturala izateko diseinatu behar dira, beste batzuk, ordea, erabat ilunak izateko. Horrez gain, den-denek segurtasunerako eta mantenurako instalazioak izan behar dituzte.

Londresko Imax zinema.

Instalazio bereziak ez dira diseinatzeko errazak. Besteak beste, hiriaren antolamenduan distortsioa sortzen dute, eta, eraikuntzaren ikuspuntutik, ikerketa-esparru askoren parte hartzea eskatzen dute (itxuraz batzuek elkarrekin zerikusirik izan gabe). Gaur egun, ordenagailuaren bidezko diseinua eta simulazioa dira azpimarragarriak. Metodo numerikoen bitartez, kupulak material berriez egin daitezkeen ala ez kalkulatzen da eraikitzen hasi baino lehen.

Funtzional izateko eraikita

Como-ko lorategi botanikoa.

Tamaina eta espazio handiak behar badituzte ere, eraikin publiko gehienak ez dira altuak izaten. Baina eraikin horiei eusten dieten egiturek etxebizitzek izaten dituztenek baino karga handiagoak dituzte. Horregatik, karga hori ondo banatzen duen zimendu- eta habe-sistemak izan behar dituzte. Solairu bat kargari eusteko ahulegia bada, habeak beste solairu sendoago bati transferitzen dio. Zimenduen kasuan, eraikuntza oraindik konplexuagoa izan daiteke, eraikinaren azpikoaren araberakoa da eta; adibidez, lurzoruak berak ezin badio eraikin osoaren kargari eutsi, zimendu 'flotatzaileak' edo beste sistema batzuk behar izaten dira.

Milango tren-geltokia.

Kanpoko estalkiari dagokionez, berriz, teilatu lauak eta pareta gardenak oso erabiliak dira eraikin-mota horietan. Teilatu laua instalatzeak hainbat zailtasun gainditzea esan nahi du, ezaugarri bereziak eskatzen baititu; adibidez, teilatuari eusteko teknikak eta euri-ura drainatzeko sistemak oso bereziak izaten dira horrelako egituretan. Hala eta guztiz ere, oinplano handiko eraikinentzat irtenbide eraginkorra izaten da teilatu laua. Eraikinaren zati hori erabat funtzionala izateko diseinatuta dago, eta normalean estetikari ez dio aparteko ekarpenik gehitzen.

Kristalak, ordea, estetika zaintzeko eta giroak sortzeko aukera asko eskaintzen ditu; batzuetan kristala, gardena izan ordez, koloreztatua da. Baina, estetikak eta argiaren erabilerak aginduta bada ere, beste faktore asko hartzen ditu kontuan diseinatzaileak. Egitura horiek beroaren transmisioarekin zerikusi handia dute: eraikin publikoetan bero-iturri garrantzitsua sartzen den jendea da, eta jendetzak sortutako beroa eraikina berotzeko adinakoa izan daiteke. Klima hotzetan lagungarri suerta daiteke, baina klima beroetan arazo-iturria izaten da. Kristal tindatuak eguzkiarentzat traba izateko aukera eskaintzen du.

Metalezko paretak ere ohikoak dira. Nolanahi ere, haizearen nahiz euriaren eraginari aurre egiteko, teknologia behar-beharrezkoa da. Adibide adierazgarria ez bada ere, Bilboko Guggenheim museoak horren erabileraren ondorioa jaso du: kanpoaldeko titaniozko xaflak herdoiltzen hasi zirela ohartu, eta garbitze-sistema konplexuak prestatzeari ekin behar izan zitzaion.

Gora eta behera

Pompidou zentroa, hodiz egindako artelana.

Eraikin publikoetako zerbitzuek ere aparteko lan-esparrua osatzen dute. Alde batetik, segurtasun-sistemak jende askori ahalik eta azkarren ateratzen utzi behar dio, eta suari eta keari aurre egin behar die. Bestetik, eraikinak berak 'garraiobide' (igogailu eta abar) eta eskailera-sistema eraginkorrak eskaini behar ditu. Jendearen banaketa oso garrantzitsua da, eraikin publiko askotan bat-bateko jende-mugimenduak izaten baitira.

Mugimendu horiek kudeatzeko, pasabideen eta eskaileren antolamenduak sinplea eta garbia izan behar du. Eraikinaren edozein puntutatik kalera ahalik eta denbora gutxienean irten ahal izateko moduko diseinua eskatzen du; beti ere, ahal izanez gero, bidean topatuko dituen ateak bultzatuta irtengo da, hau da, atearen mugimenduak beti kanporanzkoa izan behar du.

Londresko Globe antzokia, Shakespeareren garaiko ikuskizun-gelen adibidea.

Antolamendu hori sinplea da eraikin askotan, baina beste batzuetan diseinua zaildu egiten da. Zinema-aretoen egitura oso adibide berezia da. Gaur egun eraikin bakarrean areto asko izaten dira batera, eta horietako bakoitzak instalazio berezia eskatzen du. Aretoa, soinua atera ez dadin, isolatu beharra dago; izan ere, gela osoa kaxa bat izaten da, eta barruan gertatzen dena barruan bakarrik entzun behar da. Diseinua ez da sinplea: egitura horrek suari eta keari eutsi behar die, eta ureztatze- eta aireztatze-sistemak ere izan behar ditu, edozein unetan lanean hasteko prest. Gainera, kontuan hartu behar da proiekzio-gelan azetatozko film sukoiak metatu behar direla eta horrek arriskua areagotzen duela suteen kasuan.

New Yorkeko Queens antzokia.

Beste hainbat eraikin publikotan arazo hori larriagoa da: ospitalek eta laborategiek, adibidez, biltegi handiak behar dituzte botikak, elikagaiak, gas- eta likido-botilak eta abar gordetzeko. Segurtasunaz gain, bereziki garbitasuna zaindu behar da toki horietan.

Hodiak ezkutuan, hodiak bistan

Tutueria-sistemetan eraikin publiko baten diseinatzailearen joera igar daiteke. Ez da arazo estetiko soila; diseinuaren alderdi horrek faktore asko batzen ditu. Zenbat eta populazio-dentsitate handiagoa izan, orduan eta hodi-sistema konplexuagoa behar du eraikinak. Tutuerian barne komunen, ur-iturrien eta drainatze-sistemaren hodiak daude, baina ez dira bakarrak; sistema elektrikoak eta aireztatze-sistemak hondakinak kanporatzeko hodiekin batera instalatu behar dira. Non sartzen da hori guztia?

Arazo horretaz hitz egitean, askori Pompidou zentroa etorriko zaio gogora. Eraikin horren ezaugarri nagusia hodiak begi bistan izatea da, hain zuzen ere. Kasu horretan hodi-sistema arte bihurtu da; neurri batean, fatxada hodi-multzo batek osatzen duela esan daiteke. Baina eraikin funtzionaletan ere hodi sistema bistan izatea ohiko bihurtu da; izan ere, mantentze-lanetan oso lagungarri suertatzen da instalazio guztiak 'eskura' izatea.

Ordenagailuaren mende

Espazio asko behar duten eraikin publikoak. Txileko Santiagoko geltokia (goian) eta AEBetako merkataritza-gune bat (behean).

Eredu matematikoak gero eta indar handiagoa hartzen ari dira diseinuan. Aipatutako guztia kontuan hartzea oso zaila da, eta, gainera, eraikina ingurune jakin batean kokatu behar da. Jendeari kokapen horretara gerturatzeko aukera eman behar zaio, hiriaren 'bizimoduan' kaosa sortu gabe.

Eraikin batek osagai asko izan ditzake: plataformak, igogailuak, eskailerak, pasabideak, ekipo elektrikoaren eta mekanikoaren pasabideak eta abar. Horietako bakoitza egiteak metodologia eta diseinu berezia eskatzen du, eta, osagai guztiak koordinatu ahal izateko, eraikitze-sekuentzia zehatz bati jarraitu behar zaio.

Eraikitzeko, azterketa geologikoak egitea ezinbestekoa da, ez bakarrik hasi baino lehen, baita eraikitzen den bitartean ere, obra zutik iraungo duela ziurtatzeko. Horrekin batera, zorua eraldatzeko eta ingurugiro-inpaktua saihesteko tresneria eta metodologiak erabili behar dira etengabe, besteak beste.

Hori guztia antolatzeak beste lan gehigarri bat ekartzen du: hirigintza.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia