}

Eraikin zerutiarrak

2001/10/03 Elhuyar Zientzia

Egiptoko piramideak lau puntu kardinaletara begira eraiki ziren, zehaztasun handiz, gainera. Hori egin ahal izateko, astronomiaz jakitea ezinbestekoa zela dirudi eta XIX. mendetik hainbat ikertzaile saiatu dira egiptoarren jakintza astronomikoari azalpenak aurkitzen. Izan ere, nola lortu zuen hainbesteko zehaztasuna gure gizarte teknologikoaren aldean atzeratutzat jotzen dugun zibilizazio hark?

Begi bistakoa da erantzuna zeruan dagoela, baina ez bisitari estralurtarretan, noski, garai hartako izarren posizioetan baizik. Kanarietako Astrofisika Institutuko Juan Antonio Belmonte ikertzaileak hipotesi horri heldu dio orain 4.500 bat urte eraiki ziren piramideen orientazio astronomikoa azaltzeko. Ikertzailearen ustez, Pheca eta Megrez izarrek meridiano zerutiarra nola zeharkatzen zuten begiratuta orientatu zituzten piramideak. Meridiano zerutiarra zeruaren mendebaldea eta ekialdea bereizten dituen lerro irudikaria da, eta iparretik hegoaldera doa. Bi izar horiek elkartzen zituen lerroak thuban izarrarekin bat egiten zuten (garai hartako ipar-izarra).

Izarren eta meridianoaren arteko lerrokatzerik zehatzena K.a. 2562. urtean gertatu zen eta Belmontek uste du piramide handia orduantxe orientatu zela. Ikerketa arkeologikoen arabera, piramide handia K.a. 2589 eta 2551. urteen artea eraiki zen; beraz, Belmonteren teoria bat dator datu horiekin.

Orain dela gutxi, Kate Spence egiptologoak teoria bera aurkeztu zuen Nature aldizkarian, baina beste bi izar hartzen zituen kontuan, Kochab eta Mizar. Spenceren kalkuluen arabera, izarren lerrokatzerik zehatzena 2.478. urtean gertatu zen eta, beraz, piramide handia uste baino geroago hasi ziren eraikitzen. Urteen dantza gorabehera, teoriaren funtsa da interesgarriena, ezagutza astronomiko nahiko sinpleetan oinarritzen baitu piramideak orientatzeko lana.

Informazio osagarria:
Kanarietako Astrofisika Institutua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia