Eraztun urdinak
2006/04/10 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Uranoren inguruan beste eraztun bat aurkitu berri dute. Planetatik urrunen dagoen eraztuna da, eta kolore urdin bizikoa da.
Kontua da Saturnoren azkeneko eraztuna ere urdina dela. Eta parekotasunak ez dira hor amaitzen; izan ere, eraztun urdin horietan ilargi bana dute bi planetek. Saturnok Enceladus du bere azkeneko eraztun urdinean, eta Uranok, Mab (2003an Hubble-kin aurkitutako ilargi txikia).
Baliteke bi eraztunek kolore bera izatearen arrazoia konposizioa izatea, aurkitzaileen arabera. Biak hauts-partikula oso txikiz osatuta daudela uste dute (mikroi baten hamarrena baino txikiagoak), argi urdina islatzen duten hauts-partikulez, hain zuzen ere. Eraztunean ilargia izatea ere ez omen da kasualitatea.
Argazkian Saturnoren eraztunak (goian) eta Uranorenak (behean) elkarrekin aldera daitezke: barnealdean eraztun gorrixkak dituzte, eta kanpoaldean eraztun urdin bizia. Bi planeten neurriak aldatuta daude parean jarri ahal izateko.
Argazkia: Imke de Pater, Heidi Hammel, Seran Gibbard eta Mark Showalter.