}

Eraztunaren indar ezkutua lana izan da III. Tesien Sariaren irabazlea

2005/06/20 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Silvia Arrese-Igor izan da Elhuyar Fundazioaren Basque Research web guneak antolatu duen III. Tesien Sarien irabazlea. Arrese-Igor Fisikan doktoratu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Eraztunaren indar ezkutua lanean plastikoen propietateak aztertu ditu.

Silvia Arrese-Igorrek, fenilo eraztunak dituzten plastikoen propietateak aztertu ditu bereziki. Eraztun horiek mugitu egiten dira plastikoaren oinarrizko katearen inguruan. Biratu eta oszilatu egiten dute, hain zuzen ere. Eta, gainera, eraztun horien inguruan dauden molekulek mugimendu horiek sustatu edo murriztu ditzakete. Hala, mugimendu horiek plastikoaren propietate mekanikoetan eragiten dutela ikusi du EHUko ikertzaileak. Horregatik, eraztunen indar ezkutua agerian jarri du. Lan horri esker ordenagailu eramangarri bat jaso du Arrese-Igorrek, SISTEK Informática y Sistemas etxearen laguntzari esker.

Silvia Arrese-Igor eta Ane Martinez de Guereñu.

Bigarren saria Ane Martinez de Guereñuk Altzairuen mikroegitura karakterizatzeko teknika magnetiko berriak tesiaren laburpenak jaso du. Ane Martinez de Guereñu ingeniaritza industrialean doktoratu zen Nafarroako Unibertsitatean eta TECNUNeko ikertzailea da. Aurkeztu duen lanean altzairuaren mikroegituraren ezaugarriak izan ditu aztergai. Altzairuaren barne-egitura aztertzeko teknika magnetiko berriak proposatzen ditu: batetik, teknika horiekin altzairuen deformazio plastikoak neur daitezke, eta, bestetik, ekoizpeneko hainbat prozesutan altzairuaren mikroegitura nola aldatzen den ikusteko parametroak lortu ditu. Landetxe batean asteburu bat igarotzeko saria irabazi du Ane Martinez de Guereñuk tesi horrengatik, Nekaturrek eskainita.

Guztira, 17 lan aurkeztu dira III. Tesien Sarira. Horietatik 9 Nafarroako Unibertsitate Publikokoak izan dira, 7 EHUkoak eta bakar bat Nafarroako Unibertsitatekoa. Tesi guztiak 2004an aurkeztu ziren.

Askotariko gaiak landu dira: informatika, nekazaritza, ingeniaritza, geologia, matematika, estatistika, biologia, kimika, fisika, medikuntza eta farmazia, hain zuzen ere. Hizkuntzei dagokienez, 4 laburpenek euskara izan dute hizkuntza nagusitzat, 12k gaztelania eta batek ingelesa.

Epaimahairen iritziz, lan irabazleetan egin da tesia dibulgatzeko ahaleginik handiena. Gaien konplexutasuna kontuan izanda, edonork ulertzeko eran idazteko ahalegina nabarmendu dute epaimahaikideek. Horrez gain, terminologia azaltzea eta egoki erabiltzea, idazkeraren samurtasuna, tesiaren muina ondo azalduta egotea eta euskaraz egindako
dibulgazio-ahalegina baloratu dituzte, beste hainbat parametrorekin batera.

Saritutako lan horiek eta parte hartu duten gainerako egileenak www.basqueresearch.com web guneko TESIEN SARIA atalean daude ikusgai.

Epaimahaia

Epaimahaia honako pertsona hauek osatu dute:

    Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute, biokimikan doktorea. Teknopolis zientzia- eta teknologia-dibulgazioko telebista-saioaren aurkezlea eta erredaktoreaGuillermo Roa Zubia, kimikan doktorea. Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkariaren zientzia-arduradunaEider Carton Virto, kimikan lizentziaduna. Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkariaren zuzendariaGarazi Andonegi Beristain, ingeniari teknikoa. Basque Research atariaren zuzendariaIrati Kortabitarte Egiguren, kimikan lizentziaduna. Basque Research atariko erredaktorea