}

Eraztunik ez Saturnon

1996/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hamabost urtetik behin, Saturnoren posizio erlatiboa aldatzen delako, Saturnok eraztunak banan-banan galtzen dituela dirudi.

Hurrengo otsaila arte, ondoko argazkian ikus daitekeen fenomenoa ikustatzeko aukera izango dute. Hamabost urtetik behin gertatzen den prozesua dela medio, Saturnoren posizio erlatiboa aldatu egiten da gure begiekiko. Horrela, Saturnok bere eraztunak banan-banan galdu egiten dituela dirudi, azkenean "biluzik" azalduko da planeta. Hubble teleskopioa erabiliz behatu den prozesua iazko maiatzean hasi zen eta astronomoen iritziz, otsailaren 16an amaituko da.

Egun horietan Ian asko egin beharko dute astronomoek. Besteak beste, Saturnoko eraztuna osatzen duten materialei eta horien dinamikari buruzko datu asko azter daitezke prozesuak dirauen bitartean eta akaso, satelite berriren bat aurki liteke eraztunek askatuko duten hautsan. Erne ibili beharko dute beraz, aukera hau galduz gero hamabost urte itxaron beharko baita Saturno berriro biluzik ikusteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia