Ereindako guztia ez da beti jasotzen
2000/06/25 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Newcastleko ikertzaileek bi herrialde ikertu dituzte: Erresuma Batua eta Espainiako Estatua, eta bietan emaitza berbera jaso dute: ozono ugari dagoenean, uzta murritzagoa da. Lehenengo koltza landarea aztertu zuten. Landareak Erresuma Batuko landa-lurren % 90ek duen ozono-maila berdinean hazi ziren eta uztaren etekina zegokiona baino % 14 txikiagoa izan zen. Gariarekin ere antzeko ikerketak egin ziren eta, kasu honetan, uztak % 13ko galera jasan zuen. Lehenago, ozonoak uztan izan dezakeen eragina aztertu denean, ez da horren ondorio txarrik atera; izan ere, landareek ez zuten kalteen inolako kanpo-seinalerik izaten: hostoak ez ziren usteltzen eta uztak osasuntsu zirudien.
Uste baino sentiberago
Orain, ordea, ikerketak kanpo-itxuraz harat abiatu dira eta bestelako emaitzak izan dituzte: ozonoak badu eragina uztan, eta ez nolanahikoa. Azken ikerketak, gainera, ez dira laborategietan egin, landan baizik. Benetako lursailetan erein eta hazi dira landareak; beraz, uztaren garapena uneoro jarraitu da. Hau da, laboreak baldintza erabat naturaletan hazi dira, baina ozono-maila kontrolatu egin da. Praktikan landareek arnastutako airean ozono-dosi zehatz eta ezagunak gehitu dira eta ereindako sailaren eboluzioa nolakoa izan den behatu da.
Koltzaren kasuan, landare bakoitzetik sortutako adar loratuen kopurua % 38 murriztu da, nahiz eta leka bakoitzeko fruitu gehiago eta handiagoak izan. Hala ere, koltzaren «eurol» barietatearen (motarik sentikorrena) etekinak % 14 txikiagotu dira, oro har. Eta ez hori bakarrik: fruituko olio edukia % 5 murriztu da. Zenbaki horiek diru bihurtzen baditugu: tona koltza-landare bakoitzeko 6.500 pezeta inguru galdu dira eta tona olio bakoitzeko, berriz, 2.300 pezeta inguru.
Gariari dagokionez ere, etekin-murrizketak nabarmenak izan dira. Galburu bakoitzeko ale-kopurua murrizteaz gain, floskulu ez emankorrak ugaritu egin dira. Bien eraginak batuta, uztak % 13ko etekin-galera izan du edo, bestela esanda, hektareako 25.000 eta 40.000 pezeta bitarteko diru-galera izan da. Horiek guztiak Erresuma Batuan eginiko ikerketen emaitzak dira, baina, hasieran esan bezala, Estatu espainiarrean ere halako azterketak egin dira. Mediterraneo inguruan are emaitza kezkagarriagoak lortu dira: uztaren etekina txikiagoa izateaz aparte, ikertzaileek landareetan begi bistaz ongi ikusten ziren hainbat kalte ere antzeman baitituzte: landareen goiko aldeko hosto zaharrenek kolorea galdu eta, azkenerako, hil egiten ziren.
Arauak berrikusi
Ikerketek bi urteko iraupena izan dute. Abiapuntua Nazio Batuen Europarako Batzorde Ekonomikoak (UN-ECE) finkatutako ozono-maila kritikoa izan da. Lehenengo urtean laboreak ozono-maila kritikoa baino bi aldiz kontzentrazio handiagoan hazi zituzten; bigarren urtean, berriz, ozono-kontzentrazio kritikoa boskoiztu egin zuten. Uzta-galerak % 19 eta % 39koak izan dira hurrenez hurren, ikertzaileek aurreikusitakoak baino nabarmen handiagoak. Horregatik, UN-ECEk ezarritako ozono-maila kritikoa berriz aztertu behar dela azpimarratu dute, maila hori Europako klima-ezaugarri mugatu bakar batzuetan baita baliagarria.
Ozonoak uzta zein konzentraziotik aurrera kalte dezakeen eta neurriak noiz hartu behar diren finkatu zuen UN-ECEk, eta estandar horiek Europa osorako erabiltzen dira. Erabakiak, ordea, Europako erdialdean eta iparraldean jasotako datuetan oinarriturik daude batik bat, eta hango kliman dira baliagarriak. Estandar horien arabera, eskualde mediterraneoan eginiko saiakuntzetan, adibidez, uzta-murrizpenek % 10 txikiagoak izan beharko lukete, eta ez dira.
Ozonoa nitrogeno oxido eta oxigenoaren arteko erreakzioaren ondorioz sortzen da atmosferako behealdean. Molekula betidanik eratu izan da atmosferan, baina, erregai fosilak erabiltzen hasi genituenez gero, ozonoaren formazio eta kontsumo-zikloak apurtu egin ditugu eta ozonoa atmosferan pilatu egin da. Erreakzioa, gainera, ez da oso azkarra eta, ondorioz, poluzio-iturrietatik urrun ozono kontzentrazio handiak maiz neurtzen dira. Hau da, nahiz eta poluitzaileak batik bat hirietan igortzen diren, horien eraginak landetan ere nabaritzen dira. Bestalde, Eguzkiak erreakzio horiek guztiak azkartu eta areagotu egiten ditu eta, horregatik, klima eguzkitsuetako landareek arazo handiagoak izan ohi dituzte. Beraz, horren ondorioz eskatzen dute UN-ECEk ezarritako maila kritikoa berrikustea.
Nazio Batuen Europarako Batzorde Ekonomikoak 80ko hamarkadaren amaieran ozonoak landareetan eta laboreetan zuen eragina aztertzeko programa martxan jarri zuen. Bertan Alemaniak, Austriak, Belgikak, Finlandiak, Frantziak, Greziak, Irlandak, Italiak, Herbehereek, Poloniak, Errusiak, Esloveniak, Espainiako Estatuak, Suediak, Suitzak, Erresuma Batuak eta Estatu Batuek hartzen dute parte eta herrialde koordinatzailea Erresuma Batua da.
Nazioarteko ikerketa honetan hirusta zuria aztertu da batez ere, baina baita patata, garia eta zenbait belar-espezie ere. Begi bistako kalteez gain, biomasaren galera (azken finean, uztaren etekinaren adierazlea) neurtzeko ahalegina egin dute. Ahalegina esaten da, azken neurketa hori egitea konplexua baita, hezetasunak, tenperaturak, lurrak duen ur-kopuruak eta poluitzaileen presentziak puntu horretan eragin handia dute eta. Bildutako datuekin ereduak diseinatu dira eta aipatutako ozono-maila kritikoak finkatu dira.
Baina badirudi maila horiek kolokan daudela. Ikerketa gehiago egin ahala, ozono eta landareen arteko elkarrekintzak hobeto ezagutuko dira eta muga berriak ezarriko, baina argi dago hori ez dela oinarrizko arazoa. Honakoa zientziarentzat ikerketa garrantzitsua da: ozono-maila kritikoa puntu bat igotzeak edo jaisteak isla ekonomikoa izango du, baina benetako gakoa atmosferako ozono-maila jaistea da; hau da, poluzio-iturriak kontrolatzea.
¿Cómo afecta el ozono a las plantas?
El ozono es uno de los múltiples constituyentes del «smog», la polución que afecta a la atmósfera de los países más desarrollados. Un nivel elevado de ozono cerca de la superficie, ya sea debido al tráfico rodado o a la quema de combustibles fósiles, ha sido relacionado desde hace tiempo con los daños sufridos por los campos y sus plantaciones, pero nadie sabía realmente cómo actuaba este elemento químico sobre las plantas. Lo que sí es bien sabido es que produce pérdidas millonarias a la agricultura.
Y no sólo eso, puesto que, al igual que las cosechas, toda la vegetación se ve afectada. La teoría barajada hasta ahora consideraba que el ozono cerraba los «poros» que las plantas utilizan tanto para absorber el dióxido de carbono como para emitir el oxígeno resultado de la fotosíntesis. Sin embargo, en realidad, lo que hace el ozono es afectar al comportamiento de las células guardianas que controlan la apertura de estos poros.
Cuando el ozono es abundante, los poros se abren más lentamente y las plantas absorben menos CO 2 , lo que ralentiza y disminuye la fotosíntesis. El ozono puede también penetrar a través de los citados poros, perjudicando aún más las plantas. Todo ello tiene como resultado una disminución de las cosechas. Algunos investigadores creen que este problema podría solventarse en el futuro mediante modificaciones genéticas. Modificando genéticamente las plantas, para que no se vean afectadas por el ozono, se mejoraría la productividad de zonas geográficas en las que las plantaciones se ven muy expuestas a este tipo de polución. Pero esto ya son palabras mayores.
Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia