Erlatibitateak aurrera egiten du
2006/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Erlatibitatearen Teoria Orokorrak ez du oraindik hutsik egin zientzialarien esperimentuetan. Azkenekoa, gainera, aurreko guztiak baino zehatzagoa izan da, eta, aurrekoek bezalaxe, emaitza onak eman ditu.
Esperimentuak masa handia duten astroekin egiten dira, planeta eta izarrekin oro har, Erlatibitatearen Teoria Orokorraren arabera argiaren ibilbidea okertzeko ahalmena dutelako. Azken batean, espazioa deformatuta dago masa handien inguruan, eta argi-izpiak ez dira lerro zuzen batean hedatzen haietatik gertu pasatzean.
Azken esperimentuan, efektu hori bi pulsarreko sistema batean ikusi dute. Pulsarrak oso egokiak dira, oso txikiak direlako, espazioan puntu bat besterik ez --ekuazio matematikoak errazagoak dira puntu batentzat izar esferiko batentzat baino--, eta argia (edo erradiazioa) erregularki igortzen dutelako --horrek asko errazten du analisia--. Bi pulsarren sistemari esker, hain zuzen, zehaztasun handiko neurketak egin dituzte. Eta erlatibitateak iragarritakoa zehaztasun handiz betetzen dela ikusi dute fisikariek.