Erleen arteko komunikazioaren arazo batez
2001/07/01 Kintana Xabier Iturria: Elhuyar aldizkaria
Von Frischek ederki aurkitu, eta geroago, Wolfgan H. Kirchner-ek eta William F. Towne-k beren ikerketekin xehekiago azaldu dutenez, erleek beren ‘dardara’-dantzekin aurkitu dituzten toki interesgarriak jakinarazten dizkiete gainerako lagunei. Toki horietan zer dagoen, ordea, bestela adierazi behar izaten diete: handik ekarririko nektarra edo ura ahora eman eta dastaraziz, likidoen kasuan, eta polena edo propolia erakutsi edo usainaraziz, ekarpen solidoak izanez gero. Bada, ordea, Austriako Nobel saridunak guztiz argitu gabe utzi zuen puntu bat, nik hemen ukitu nahi nukeena.
Goian aipaturiko produktu utilitario zuzen horienaz gainera, erleek bestelako informazioa ematen diote elkarri, kontzeptualagoa, sarritan bat-bateko erabilera izaten duen arren: erlekume berria kokatzeko toki egokiena zein den, hain zuzen.
Austriar etologoak ederki aztertu eta azaldu zuenez, behin erlekumea irten eta gero, zuhaitz-abar batetik zintzilik gelditzen da eta hortik erle esploratzaile batzuk abiatzen dira koloniarentzako toki berri bila. Dakigunez, Martin Lindauer alemanak eta, batez ere, Thomas D. Seeley estatubatuarrak eginiko azterketaren arabera, erleek kokagune berriaren egokitasuna neurtzeko parametro batzuk erabiltzen dituzte: barruaren edukiera, sarreraren zabalera, altuera, jarrera eta orientazioa eta, segur aski, tokia zerezkoa den ere bai (haitza, zura...). Horrela, behin leku onesgarri batzuk aurkituz gero, esploratzaileak erle-multzora itzultzen dira horien berri ematera, tokiak zenbat eta egoera mesedegarriagoa ukan, are bizitasun eta entusiasmo beroagoaz dantzatuz, ingurukoak bizileku berriaren ezaugarri bikainez konturarazteko. Azkenean, esploratzaileen suhartasun horrek erakarrita, gero eta erle gehiago hasten dira horien ‘dardara-dantza’ imitatzen, eta horrela adieraziriko angeluaz baliatuz, erlekume osoa haraxe abiatzen da, bertan kolonia berria fundatzeko.
Kasu honetan, erlekumea jadanik erlauntz zaharretik irten, hartatik banatu eta zuhaitz baten abarretik zintzilik dagoenean, begien bistan da horko erleen premia larriena zein den: bizilekua aurkitzea. Hortaz, besterik gabe, garbi dago zer informazio adierazi nahi dieten ezti, ur, polen edo propolirik ez dakarten esploratzaile horiek. Hauxe izan da, bestalde, orain arteko ikertzaile guztiek aztertu duten kasua, hots, erlekumea jada irtenik dagoenean, esploratzaileek bizitoki berrien informazioa erle-multzora nola ekartzen eta bertan beste erleen artean nola hedatzen duten. Eta guztiek diotenez, erleek beste produktuez (eztia, polena, ura...) ohartarazteko erabili ohi duten dantza berbera ohi darabilte honetan ere.
Irakurleak barkatuko dit, hain gai serioa tratatzean, Gorozika herriko andre bizkaitar batek, duela urte asko, behin kontatu zidan anekdota xelebre bat hemen tartekatzen badut, kontu honekin, azken buruan, zerikusia du eta: “Behin batean baserri-etxean senar-emazteak bizi ziren beren seme-alabekin. Aspaldian diruz ez omen zebiltzan ongi eta, gastuak gutxitzeko, ordutik aurrera otorduetan ardorik ez edatea erabaki zuten. Gainera, horretarako neurririk onena etxe hartan ardoaren izena bera galaraztea zela pentsatu zuten eta, beraz, horretan gelditu ziren, ordutik aurrera etxeko inork ezin aipa zezakeela edari debekatuaren izenik. Esan eta izan. Horrela egon ziren zenbait astetan, baina egunak joan eta egunak etorri, etxe hartako mahaia gero eta tristeago zegoen mama gozorik gabe. Azkenean, hilabete eta erdi pasatu eta gero, eguerdian, etxeko andreak, zizpuruka, honela esan omen zuen behin, indabak, edalontzi bete uraz lagundurik, jaten zituen artean: “Ai, ze ondo dirudi batak besteagaz!” Eta hori entzun bezain laster, gizonak, bertsozalea nonbait, testu honekin erantzun zion: “Doala mutila bila, botilagaz!” Eta honetara, frutu galaraziaren izena ahotikatu gabe ere, guztiek gogoan zerabiltena ezpaineratzeko aukera izan zuten bazkari hartatik aurrera”.
Nolabait erleei ere gauza bera gertatzen zaie erlekumea egiten dutenean. Testuinguru horretako premia larri eta nagusia, baserri hartako mahaian ardoa zen bezala, erlekumeko erleen artean bizitoki berria aurkitzea da eta, beraz, kinka horretan, esploratzaileek dakarten informazioa horixe besterik ezin daiteke izan, senar-emazteen zeharkako aipamen haiek, argi eta garbi, guztien gogoko edaria adierazten zuten bezalaxe.
Halere, batzuetan, esploratzaileek beren lana aurreratu egiten dute eta, erlauntzetik erlekumea irten baino astebete lehenago ere, toki bila aritzen dira. Izan ere, erlazain guztiok inoiz edo behin esperientzia hori izan dugu, erle esploratzaile batzuk gure erlategiko erlauntz hutsak garbitzen ikustean, handik egun batzuk geroago etortzeko zen erlekume osoaren aitzindari.
Aldez aurretiko prestakuntza horrek, jakina, komunikazioaren zentzua erabat aldatzen du, berehalako eta bat-bateko premia betetzeko mezua barik, handik egun batzuetara beharko duten zerbait abstraktu adierazteko balio behar duelako. Denboran erabilera atzeratu edo diferitua duen gauza bategatik erleek agertzen duten aurreikuspen horrek, animalien artean oso gutxitan gertatzen denak, berez ere ederki salatzen digu intsektu hauen ‘adimen’ maila, edo, nahiago baduzue, beren buru-eragiketen konplexutasuna.
Edonola ere, animalia-psikologiaren eremua bazterrean utzirik, oraingoan kezkatzen nauen galdera, ordea, beste hau litzateke: toki berria aurkitu duten erle esploratzaileak nola konpontzen dira, egun eta une horrexetan ezti, ur, polen edo propolia aurkitu duten beste esploratzaileen mezuen artean, berena ‘bizitzeko tokia’ dela jakinarazteko? Kontuan izan, gainerako erleekiko komunikazio hori ez dela, soilki, azken orduan egiten, hau da, erlekumea irtetean, aukeraturiko leku hori lehenik aurkitu duenak, lehenago ere, beste lagun batzuk bertara erakartzen jakin dituelako, berarekin batera, tokiaren garbitze- eta egokitze-lanak egiten has daitezen, gainerako guztiak hara erakarri baino lehen. Baina nola lortzen du lehen esploratzaile horrek aurkitu duena besteei ‘zer den’ jakinaraztea?
Polen, ezti, ur edo propoliaren kasuan, begien bistan dago, bertaratzeko angeluaz eta distantziaz gainera (berau dardararen maiztasunaz adierazia), aurkitu edo bilatu beharreko objektua ere argi seinalatzen dela, hori dastatzera edo usaintzera emanez edota fisikoki erakutsiz. Hau, baina, ezin egin daiteke toki batez ari garenean, ez baitirudi inon horren lagin ikusgai edo usnagarririk ekartzen dutenik. Hori, gainera, kasu askotan ezinezkoa litzateke, lehenago beste erle batzuen bizileku izandako enbor huts edo erlauntz abandonatuek nolabaiteko ‘argizari-usaina’ izan dezaketen bitartean, beste kasu askotan tokia erabat garbi eta lehenagoko kutsu edo usainik gabe aurkitzen delako. Bestalde, orain arte bederen, inork ez du frogatu erleek, bestelako euskarri fisikorik gabe, ‘usain hutsak’ aldean ekar ditzaketenik. Eta, halere, zalantzarik gabe, mezu konkretu hori ongi eta bereiz adierazten dakite, osterantzeko beste mezuekin nahasi gabe. Zerk adierazten die, hortaz, erlauntzeko erleei, esploratzaile horiek jakinarazi nahi dietena ‘tokia’ eta ez, adibidez, ‘lore-zelaia’ dela?
Sherlock Holmesen eleberrietan gertatzen den bezala, errudun posible guztiak logikaz baztertu direnean, estalki edo justifikaziorik gabe gelditzen den susmagarriak, erailea izateko atipikoena izan arren, esklusioz, hiltzailea izan behar du nahitaez. Eta hemen ere hala jokatu beharko genuke, esperimentazio enpirikoz, ene aburuz, hori frogatzea ezinezkoa gertatzen zaigulako, toki bila doazen erleek erlauntz gainpopulatuetan bizi behar dutelako —bestela ez lihoazke leku berrien bila— eta era horretako erlauntzetan ez da posible, ene ustez, erle esploratzaile markatuek beste erleekin dituzten harremanak zehazki ikertzea, koloniaren multzoan mila intsekturen artean galtzen direlako. Hortaz, bestela ezinean, eta hipotesi gisa, soluzio logiko bat iradoki nahi nuke, logika eta errealitatea, tamalez, beti ez direla bat etortzen ongixko jakin arren.
Soluzio hau, segur aski, neure lanbide-deformazioari zor diot. Ofizioz edota debozioz hizkuntzak aztertzen dihardugunok morfema hitza erabiltzen dugu mintzairak, hitzen esangura sintaktikoki aldatzeko, dituen elementu txikienak adierazteko. Euskaraz, morfemak hizkiak izaten dira, atzizkiak batez ere, hau da, hitz edo erro baten ondoan ezartzen diren zatikiak. Esaterako, jakin aditzaren orainaldiko formetan, daki - oinarriaren gainean -t, -k, -n, -gu, -zu, -zue, -te formenak eransten dira, dakit, dakik, dakin, dakigu, dakizu, dakizue, dakite forma pertsonalak sortzeko. Bada bat, ordea, singularreko hirugarren pertsonaren adizkia, daki alegia, inolako markarik ez daukana, zortzi gauza elkarretatik bereizteko aski baita zazpi markatzea, seinalerik ez daramana, markarik ezak berak markatzen duelako, hain zuzen. Horri zero marka esaten zaio ( daki-ø ), eta praktikan, gainerako marka positiboen balio bereizgarri berbera dauka.
Hauxe da, nik uste, erleengan gertatzen den fenomenoa, hain zuzen: dantza bidez seinalatzen duten angeluak eta distantziak adieraziriko toki-informazioak, aldean zapore-, usain- edo ikuste-estimulu osagarririk ez daramanean, horixe besterik ez du esan nahi: ‘tokia bera’, ‘kokagune hutsa’ alegia, eta gehigarri organoleptikorik ezak —kasu honetarako zero markak— mezuaren izaera topografiko berezia azpimarratzen du, hori ‘bizileku’tzat interpretatzeko.
Badakit, neurri batez, soluzio hau Fernando Amezketarraren irtenbide haietako bat bezalakoa irudituko zaiola norbaiti. Azken buruan, hemen proposatzen dena gauza jakina baitzen lehendik ere: erleen mezua bi ataletan artikulaturik dagoela a) tokia (dantza bidez adierazia) eta b) toki horretan dagoena (dastamen-usaimenaz jasoa). Horrek pentsaraz diezaguke, bigarren parterik ez dagoenean, lehen parteari esker, tokia behintzat berez eta automatikoki adierazirik gelditzen dela, baina ez gaitezen engaina tokia hitzaren esanguraren balio-aniztasunaz.
Berez, erleen dantzak zerbait ‘non’ dagoen jakinarazten du, baina ez du argitzen hor dagoena ‘zer’ den. Kasu honetan, ordea, intsektuek egiaz ulertzen dutena ‘leku horretan aurkitzen den bizitokia’ da, hots, ’egoitza’. Bestalde, kontuan hartu behar dugu erleek, beren bizi-iraupenean zehar, ‘nektar’, ‘ezti’, ‘ur’, ‘polen’ edo ‘propoli’ kontzeptuak ia egunero transmititzen dituztela, baina, ‘bizileku’ kontzeptua urtean behin besterik ez dutela adierazi behar, eta, horregatik logikoa da susmatzea esangura hori ere oso bereziki kodeturik eduki beharko dutela, hain garrantzi handiko mezuan gaizki-ulerturik gerta ez dadin. Hortaz, eguneroko ohiko mezu ugarietan kokapenaren ondoan zapore- edo usain-gehigarria beti eta inolako salbuespenik gabe jasotzera ohiturik daudenez gero, honelako kasu bakan eta bereziotan, bigarren osagarri hori ez jasotzea dateke, hain zuzen ere, ezohiko seinale harrigarria, ustegabeko marka ohargarria, alegia, hor ‘bizitoki posible bat’ aurkitzen dela jakinazten diena.
Gorago esan dudanez, ez dut pentsatzen susmo hau egiaztatzeko esperimentuak noizbait egitea erraza izango denik, toki bila ari diren erle esploratzaileek aldean inolako ekarpen materialik ez dakartelako, baina aurkeztu dudan soluzio honek, gutxienez, bere alde, baliabide-ekonomiaren abantaila nabaria dauka. Edonola ere, litekeena da noizbait nik baino irudimen eta bitarteko handiagoak lituzkeen norbaitek arazo hau inoiz erabat frogatu ahal izatea. Gauden beraz geroaren esperantzan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia