Ernaldutakoan, loreak usainik ez
2003/11/25 Elhuyar Zientzia
Lehendik ere jakina zen zenbait lorek, petuniak eta dragoi-muturrak, esate baterako, usaina galtzen dutela ernaldutakoan. Bada, ikertzaile batzuek prozesu horren mekanismo molekularra azaldu dute.
Izan ere, loreak igortzen duen lurrin goxoak animalia polinizatzaileak erakartzea du helburu. Lorea ernalduta dagoenean, ordea, ez dauka polen gehiagoren beharrik, eta, ondorioz, alferrikakoa dlurrina ekoizten jarraitzea.
Lehen aipatu ditugun petuniak eta dragoi-muturrak mekanismo berdintsua erabiltzen dute lurrina ekoizteko, baina ekoizpena geldiarazteko bide desberdinak erabltzen dituztela ikusi dute ikertzaileek.
Petuniaren kasuan, etilenoak lurrina ekoizteko beharrezkoa duen entzimaren genea geldiarazten du. Etilenoa landareen hormona bat da, eta prozesu askotan hartzen du parte; esate baterako, fruituak heltzeko eta hostoak erortzeko beharrezkoa da.
Dragoi-muturrean, ordea, etilenoak ez du eragin bera, eta lurrinaren ekoizpena geldiarazten duen mekanismoa oso bestelakoa da: lorearen bi konposaturen arteko proportzioa da lurrina ekoitzi ala ez erabakitzen duena.
Loreek lurrina ekoizteko erabiltzen duten mekanismoa ezagutzea oso interesgarria da lorezaintzan; izan ere, gizakiak urteak daramatza landareak gurutzatzen lore ederragoak eta kolore biziagokoak eman ditzaten, baina ahalegin horretan lore askok jatorrizko usaina galdu du. Loreen lurrinaren mekanismoa ezagututa, gurutzaketetan belaunaldiz belaunaldi galdutako usaina berreskuratzea lor daiteke.
Argazkia: Tom Campbell
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia