}

Ernalketan ez dago kamikazerik

2000/01/11 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Lehiakide sexualen arteko borroka ez omen da espermaren bitartez gertatzen

Bi arren arteko borroka emea lortzeko. Naturaren oinarrietan idatzita dago. Behintzat, ugalketa se-xuala jarraitzen duten izakien oinarrietan. Hala ere, ez da horretan historia amaitzen. Ugalketa ziurtatzeko dela, gatazka horren irabazlea galtzaile bihurtzen dela edo beste hainbat arrazoi ezagun direla, askotan eme batek bi ar edo gehiago onar ditzake.

Ar bakoitzak bere esperma isuri ondoren zer gertatzen ote den, hipotesi ugari proposatu dira. Horietako bat «kamikaze espermaren hipotesia» da, hau da, bigarren ernalketaren espermak duen helburua aurrekoarena akabatzea dela. Azken ikerketen emaitzek zalantzak plazaratzen dituzte.

Naturaren hainbat irtenbide

Espezie askotako emeek ar askorekin oso denbora laburrean parekatzen dira. Beraz, iturri ezberdinetako espermen arteko lehia maiz gertatzen da. Ondorioz, txinpantzeek, adibidez, barrabila handiagoak garatu dituzte esperma kantitate handiagoak isuri ahal izateko. Intsektu batzuek akabatu egin behar izaten dute arerioaren esperma berea isuri baino lehen. Frutaren euliak pozoia jartzen du lehiakideen espermatozoetan.

Kantitate handiak eta hilkortasun maila handiko esperma erabiliz, Manchester-eko unibertsitateko Robin Baker biologoak, duela hamar bat urte, proposatu zuen ugaztun batzuek, gizakia barne dela, «esperma erailea» sintetizatzen zutela. Bere funtzioa beste arren espermari erasotzea zen eta, ondorioz, bere buruaz beste egiten zuen.

Sheffield-eko unibertsitateko Harry Moore biologoak eta Tim Birkhead eboluzioaren ekologoak hipotesi horren zuzentasuna baieztatu nahi izan zuten beste metodologia batez. Hamabost gizonen espermak proportzio eta modu askotan nahastu zituzten. Zelulen mugimenduen eta eboluzioaren jarraipena egin eta itxura bitxien agerpena ere behatu zuten. Azkenean, Proceedings of the Royal Society aldizkarian argitaratu zuten ez zegoela esperma borrokalariaren aztarnarik, ez eta jokaera horren ondoriorik.

New York-eko estatuko Cornell unibertsitate ospetsuan lan egiten duen Michael Bedford-en ustez, horrek kamikaze espermaren hipotesia bertan behera uzten du erabat. Hala eta guztiz ere, Birkhead-ek dioen bezala, oraindik espezie gehiagorekin probatu beharko da. Azaldu zuenaren arabera, ugalketa kontuetan naturak askotan irakatsi digu «ia dena dela posible».

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia