}

Erradiazioak eragiten ez dion bakterioaren gakoa

2007/03/23 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Deinococcus radiodurans bakterioa ezaguna da erradiazioa oso ongi jasaten duelako. Gai da 10.000 gray-ko erradiazioa jasateko (giza zelula batek ezin du jasan 10 gray baino gehiago); eta, horregatik, ezin aproposagoa da erradiazioaren aurkako babesa ikertzeko.

Ikertzaile gehienen ustez, erradiazioak DNAri egiten dionez kalte, erradiazioaren aurkako babesaren muinak ere DNAn behar du izan. Baina Estatu Batuetako ikertzaile batzuek, Michael Daly buru dutela, ikusi dute proteinetan dagoela gakoa, DNA konpontzeko sistema osatzen duten proteinetan, hain zuzen ere. D.radiodurans bakterioaren konpontze-sistemak eraginkorragoak omen dira gainerako bakterioenak baino.

Ondorio horretara iristeko gakoa manganesoa izan da. Izan ere, ikusi zuten D.radiodurans bakterioak ohi baino 300 aldiz manganeso gehiago duela. Hari horri tiraka, manganesoa oinarri duen konplexu kimiko batera iritsi ziren. Eta ohartu ziren konplexu horrek erradiazioak sortutako erradikal askeak neutralizatzeko gaitasuna zuela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia