}

Erradiazioarekiko erresistentziaren gakoa

2003/01/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Beste bizidunentzat hilgarriak diren erradiazio-dosiek ez diote inolako kalterik eragiten Deinococcus radiodurans bakterioari. Hain zuzen ere, bakterio hori 15.000 gray jasateko gai da, eta gainerako bizidunek, berriz, nahikoak dituzte 10 gray hiltzeko. Nonbait, bere DNAn gertatzen diren kalteak konpontzeko ikaragarrizko gaitasuna du bakterioak.

Hainbat zientzialarik bakterioaren erresistentziaren gakoa ikertu dute, eta Science aldizkarian argitaratu dituzte ikerketatik ateratako ondorioak. Haien ustez, neurri batean, morfologiari edo itxurari zor dio erresistentzia Deinococcus radiodurans bakterioak.

Wiezmann Institute, Israel

Ikerketa Israelgo Wiezmann Institutuan egin dute. Mikroskopio elektronikoaren bidez egindako eskanerretan, bakterioak genomaren lau kopia dituela ikusi dute, bakoitza konpartimentu batean. Gainera, genomak donuts-itxura du, eta, horri esker, bakterioa zatitzen ari dela ere kaltetutako zatiei bere tokian eusten die.

Genoma nola konpontzen den aztertzeko, milaka bakterio dosi altuen pean jarri dituzte. Gero, konpontze-lanetan ari zirela, izoztu egin dituzte; hartara, konpontze-mekanismoaren faseak ikusi dituzte. Horrela jakin dute lehen fasean lau konpartimentuetako genomek ez dutela donuts-itxura galtzen. Bigarren fasean, berriz, genoma hedatu egiten da, eta kopia bakoitzak bere buruaren zatiak bidaltzen ditu gainerako konpartimentuetara. Zati horiek beste kopiekin nahasten dira, eta kaltetutako tokiak konpondu egiten dira. Izan ere, ia ezinezkoa da lau kopietan toki berberetan gertatzea kalteak, eta kaltetu gabe dauden kopien zatiek beste konpartimentuan kaltetuak izan direnak konpon ditzakete.

Hala ere, zientzialari batzuk ez datoz bat ikerketa horretatik ateratako ondorioekin. Haien esanean, ikusteko dago ea erradiazioarekiko erresistentzia duten gainerako bakterioek ere itxura bera duten: izango ez balute, ezingo litzaioke horri egotzi erresistente izatearen arrazoia.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia