}

Erradioaktibitatearen gorabeherak sarean

2008/09/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Esaten da, bada: gauza bakoitza bere neurrian. Erradiazioarekin ere antzeko zerbait gertatzen da. Erradiazio naturala gure ingurunearen ezaugarri bat da, eta ez digu kalterik egiten. Aitzitik, guk horri gehitzen diogunarekin izan behar dugu kontu, dosia handituz gero arriskua areagotzen baita. Hori guztia kontrolpean izateko daude, hain zuzen ere, maila erradiologikoak neurtzeko sareak.
Erradioaktibitatearen gorabeherak sarean
2008/09/01 | Kortabitarte Egiguren, Irati | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Europako Batasuna)

Maila erradiologikoak neurtzeko sareek inguruneko erradioaktibitate-mailak monitorizatzen eta horien gorabeherak detektatzen dituzte. Gaur egun, herrialde gehienek dituzte maila erradiologikoak neurtzen dituzten sareak, ingurumena monitorizatzeko eta erradioaktibitate naturalaren eragina neurtzeko. 2001ean, Eusko Jaurlaritzak, Segurtasun Nuklearraren Kontseiluarekin (CSN) elkarlanean, EAEko zaintza-sarea ezarri zuen. Sare hori EAEko hiru hiriburuetan dauden estazioek eta Bilboko kontrol-zentroak osatzen dute. Gasteizko eta Bilboko estazioak Eusko Jaurlaritzarenak dira; Donostiakoa, ordea, Segurtasun Nuklearraren Kontseiluarena da.

Estazio horietako bakoitzak estazio erradiologiko automatiko bat, estazio meteorologiko automatiko bat, ordenagailu bat eta bi modem ditu.

Gu EAEko hiru estazioetako berrienean --Bilbokoan, hain zuzen ere-- izan gara bisitan, eta hango alerta-estazioa ezagutu dugu. 2001ean jarri zuten estazio hori EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan. Han egiten du lan Natalia Alegría Gutiérrezek, Bilboko Goi Eskola Teknikoko Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika saileko ikertzaileak.

Kontrol- eta alerta-sareak

Datuak etengabe jasotzen ditu Natalia Alegría ingeniariak bere ordenagailuan.
I. Kortabitarte

Laginak hartzeko maiztasunaren arabera, bi taldetan sailkatzen dira sare horiek: alde batetik, kontrol-sareak daude, eta, bestetik, alerta-sareak. Kontrol-sareen helburu nagusia da aireko, uretako, lurreko eta jakietako erradioaktibitate naturala nahiz artifiziala neurtzea, ingurumenean eta izaki bizidunon osasunean eragin ditzakeen kalteak zenbatzeko eta aztertzeko. Alerta-sareek, berriz, ezohiko balioen berri ematen dute denbora errealean. Azken horiek aire-laginen edo ur-laginen analisia egiten dute, eta ordubete baino gutxiagoko maiztasunarekin hartzen dituzte laginak. Hogeita lau orduz egoten dira martxan.

Natalia Alegría ingeniariaren esanean, etengabeko kudeaketa-lana eragiten du horrek. "Estazio bakoitzeko ordenagailuak denbora errealean datuak jasotzen dituen programa berezi bat du; hamar minututik behin jasotzen ditu datuak, eta bi minututik behin alarmaren kasuan," gehitu du. Datu horiek testu-artxiboetan gordetzen dira. Artxibo horiek Bilboko kontrol-zentroko ordenagailu nagusira bidaltzen dira EHUko intranetaren bidez, Bilboko eta Gasteizko estazioen kasuan, eta Internet bidez, Donostiako estazioaren kasuan. Intranetak edo Internetek huts egiten duenean, datu horiek modemaren laguntzari esker igortzen dira Bilboko ordenagailu nagusira.

Batez besteko dosi-tasaren datuak Eusko Jaurlaritzako Instalazio Erradioaktiboen Zerbitzuaren web orrian argitaratzen dituzte egunero. Egunero parametro bakoitzaren 144 datu jasotzen dituzte EAEko hiru probintzietako estazio bakoitzetik Bilboko Goi Eskola Teknikoan. Alegia, urtean parametro eta estazio bakoitzeko 56.000 datu, gutxi gorabehera.

, eta erradiazioak

Bilboko estazioa EHUko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko teilatuan dago.
I. Kortabitarte; N. Alegria

Dosi-tasa neurtzen da gehienbat. Alegia, denbora-unitate batean jasotzen den energia-kantitatea. Dena den, garrantzitsua da aldagai esanguratsu bat baino gehiago neurtzea informazio osatuagoa jasotzeko. Horren harira, dosi-tasa ez ezik, besteak beste, alfa, beta eta gamma erradiazioak neurtzen dituzte. Izan ere, zein isotopo erradioaktibo desintegratzean den, era bateko edo besteko erradiazioa askatzen du. Hortaz, erradiazio horiek neurtuz gero, isotopoei buruzko informazioa jasoko genuke.

Alfa partikulak elementu astunak --hala nola uranio-, radio-, radon- eta plutonio-atomoak-- desintegratzean igortzen diren partikula pisutsuak dira (adibidez, helio-nukleoak, bi protoiz eta bi neutroiz osatuak). Masa handia dutenez, airean bi zentimetroko ibilbidea egiteko gai besterik ez dira, eta ezin dute paper-orri bat zeharkatu, ezta epidermisa ere. Alfa erradiazioa igortzen duen substantzia bat arnasten, irensten edo organismoan sartzen bada odolaren bidez, kaltegarria izan daiteke.

Beta erradiazioaren barneratze-ahalmena, berriz (elektroien antzeko masa duten partikulek osatzen dute), alfa partikulena baino handiagoa da. Airean zenbait metro egiteko gai da, baina uretan zentimetro gutxi batzuk besterik ez du egiten. Halaber, aluminiozko xafla batek, leihoetako kristalak edota janzten ditugun arropek ez diote erradiazio mota horri zeharkatzen uzten. Dena den, jantzirik gabeko larruazala zeharka dezake, eta, hortaz, gorputz barnean beta erradiazioa igortzen duten partikulak barneratuz gero, barne-ehunak kaltetuko lituzke.

Gamma erradiazioaren barneratze-ahalmena nabarmen handiagoa da bi erradiazio-mota horien aldean. Izugarrizko energia du. Airean urrutira hel daiteke, eta hura geratzeko material dentsoz osatutako hesiak behar dira, beruna edo hormigoia, adibidez. Gamma erradiazioak erraz zeharkatzen ditu larruazala eta bestelako substantzia organikoak, eta, beraz, kalte larriak sor ditzake barruko organoetan.

Hamar minututik behin eguneratzen dira EAEko hiru hiriburuetako datuak
tenperatura, hezetasuna, eguzki-erradiazioa, haizearen norabidea eta abiadura...
(Argazkia: N. Alegria)

Zalantzarik gabe, komenigarria da erradiazio horiek guztiak, eta oro har, inguruneko erradioaktibitate-mailak kontrolpean izatea. Egunetik egunera datuak jaso, ondo kudeatu eta alarma-kasuetan neurriak hartzea. "Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoak zazpi urte daramatza lan horretan, eta zazpi urte hauetan ez dugu alarma errealik jaso" azaldu digu Natalia Alegríak. "Dena den, zenbait kasutan nolabaiteko alarma faltsuak jaso ditugu, besteak beste, euriaren eraginez erradioaktibitate-maila handitu denean" gehitu du. Horren harira, erradiazio naturala ezohiko balioetatik bereizteko metodologia garatu du, Natalia Alegría industria-ingeniariak EHUn aurkeztu duen doktore-tesian.

Horretarako, gamma erradiazioaren dosi-tasa hartu du kontuan, hau da, denbora-unitate batean jasotzen dugun energia-kantitatea. Bere ikerketaren lehen helburua izan da erradiazio-balio normalak zein diren esatea; alegia, erradiazio-iturri naturaletatik zein datozen zehaztea.

Dosi-tasaren balio historikoak kronologikoki ordenatu ditu, eta ikusi du konstante mantentzen direla; baina, halaber, ikusi du aldagai meteorologikoek aldaketak eragiten dituztela. Alegia, balioak handitu egiten direla prezipitazio-garaietan. Izan ere, euriak lurrazaleraino ekartzen du airean dagoen erradioaktibitatea (edo zunda/detektagailua dagoen teilatura), eta horrek igoarazi egiten du dosi-tasa, igoeraren arrazoia gertakari erradiologiko bat ez bada ere. Hori dela eta, erradioaktibitateak aldi hezean jasaten duen gehikuntza irudikatzeko, kalkulu-eredu bat garatu du ikertzaileak.

Doktore-lan horri esker, Euskal Herriko maila erradiologikoa neurtzeko sarea sentikorragoa da, eta alarma-kopurua murriztea lortu da, gertaera erradiologikorik oharkabean ez pasatzeko moduan. Gaur egun, sare horren alarmen jatorria beti da kanpo-eragile bat, eta ez prezipitazioek eragindako erradioaktibitate naturalaren igoera.

Positroi-emisio bidezko tomografian radio-isotopoak erabiltzen dira, besteak beste, tumoreak detektatzeko.
Siemens

Orain artean benetako alarma-kasurik izan ez bada ere, gertatuz gero, alde batetik, ordenagailuak datuak bi minututik behin jasotzeko programatuko lirateke, eta, bestetik, alarma hori jaso den estaziotik telefono-dei bat jasoko litzateke Bilboko egoitzan. Halaber, neurtu den erradiazio-mailaren balioaren berri jasoko lukete. "Une horretatik aurrera, datuak aztertu eta hura kontrolatzeko neurriak hartuko genituzke" adierazi du Natalia Alegríak. "Eusko Jaurlaritzari eta Segurtasun Nuklearraren Kontseiluari horren berri emango genieke, eta azken horrek Europako Batasunean zabalduko luke berria". Dena den, orain artean bezala, horrelakorik gertatu ezean, hobe.

Naturala eta artifiziala
Erradiazio-iturri naturala
Gizakia erradioaktibitate naturalaz jositako munduan bizi da. Izan ere, espaziotik erradiazio kosmikoa jasotzen du, eta, lurretik, radona. Erradiazio hori giza jarduera baten ondorioz sortua izan ez den erradiazio-iturria da. Erradiazio-iturri naturala hainbat faktoreren menpekoa da: bizi den ingurunea, lurzoruaren konposizioa, latitudea eta, neurri batean, kondizio meteorologikoak.
(Argazkia: L. Viatour)
Erradiazio-iturri artifiziala
Giza jardueraren eraginez sortzen den erradiazioa da, eta hiru iturri nagusitatik sortzen da nagusiki: energia nuklearra, 1950eko eta 1960ko hamarkadetan egindako bonba atomikoen proben ondorioz atmosferan barreiatu ziren material erradioaktiboak (euri erradioaktiboa) eta iturri medikoak.
Medikuntza nuklearra
Hiroshima, Nagashaki, Txernobil eta Garoña izenak entzutean, zuzenean lotzen ditugu erradioaktibitatearekin. Alegia, hondamendi nuklearrekin edo zentral nuklearrekin lotzen ditugu.
(Argazkia: -)
Nuklear hitza, ordea, ez da beti hondamendiei lotua ageri. Ospitaleetan, esaterako, medikuntza nuklear izena hartzen du gaixotasunak diagnostikatzeko eta tratatzeko isotopo erradioaktiboak erabiltzen dituen medikuntza-arloak. Arlo mediko horretan, gaur egun, hainbat teknika espezializatu erabiltzen dira, erradiologian, batez ere. Diagnostikoaren eta tratamenduaren trazatzaile gisa iodo-131, fosforo-32 eta teknezio-99 erradioisotopoak erabiltzen dira gehien. Halaber, kobalto-60 eta zesio-137 erabiltzen dira, oro har, minbizia tratatzeko.
Kortabitarte Egiguren, Irati
3
245
2008
9
035
Ingurumena; Ingeniaritza
Artikulua
52

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia