}

Erradioaktibitatearen kalteak arintzeko molekulak

2012/06/28 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

erradioaktibitatearen-kalteak-arintzeko-molekulak

Erradioaktibitateak gorputzean eragindako kalteak arintzen laguntzen duten bi proteinaren berri jaso du ekaineko Nature Medicine aldizkariak. Saguetan egindako esperimentuetan ikusi dute erradiazio-dosi hilgarria eman eta 30 egunera iraupen-tasa nabarmen handiagoa zela tronbomodulina eta C proteina aktibatuarekin tratatutako espezimenetan. Hogeita hamar saguko taldeekin egindako hainbat saioz osatutako ikerlana izan da: erradiazio-dosi hilgarria jaso eta 30 minutura, 1 h-ra, 2ra, 24ra eta 48ra eman diete tratamendua saguei. Tratamendua 24 eta 48 ordura jaso duten saguetan ere % 70 izan da iraupen-tasa 30 egunera; kontrol-taldeetan, berriz, % 30.

Proteina horiek funtzio antikoagulatzaileak dituzte gorputzean, eta naturalki sortzen dira hainbat zelulatan. Gainera, tronbomodulina C proteinaren aktibatzailea da. Ikertzaileek, baina, ez dute funtzio horren eta babes-mekanismoaren artean loturarik aurkitu. Cincinatiko Haurrentzako Ospitale Medikuko eta Wisconsineko Odolaren Ikerketa Institutuko ikertzaileek uste dute zelulei erradiaktibitatearen kalteak arintzen laguntzen dien mekanismoa beste bat dela. Haiek egindako saioetan ezin izan duten ondorioztatu zein den, baina, adibidez, ikusi dute C proteina aktibatua soilik injektatzea eraginkorragoa dela tronbomodulina soilik injektatzea baino, bigarrena lehenengoaren aktibatzailea izan arren.

Saguetan lortutako emaitzek, eta bi proteina horiek lehenago ere gizakiekin erabili izanak beste eragin terapeutiko batzuen bila, hautagai interesgarri bilakatu dituzte erradioaktibitatearen ondorioen aurka.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia