}

Erradiografiak azkarrago egiteko sistema berria

1995/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Erradiologoei lana erraztea eta X izpien eraginpean egon behar duten gaixoei erradiazio arriskua gutxiagotzea. Horiexek dira Alemaniako Seven Ploem ikerlariak aurkeztu duen aparatu berriaren betekizun nagusiak. Vienako Nazioarteko Topaketan aurkeztu du Ploemek X izpiak erabiltzen dituen erradiografia-sistema berria.

Ploemek Vienako Nazioarteko Topaketan aurkeztu zuen prototipoak orain arteko sistemak erradiografia bat egiteko behar duten denbora erdira ekarri du.

Orain arte ezagutzen diren aparatuek sortzen dituzten arazoak saihestea izan da bere lanaren helburua. Ploem erradiologoa denez, badaki zein zaila eta luzea izan ohi den erradiografiak egiteko prozesua. Gaur egun erabiltzen diren sistemek aginte asko batera erabiltzera behartzen dute erradiologoa eta ondorioz, prozesua behar baino gehiago luzatzen da. Erradiografiak egiteko behar den denbora azkartzeak erradiologoari ezezik, gaixoari ere mesede handia egingo dio. Erradiazio-denbora baita, azken batean, gutxiagotuko dena.

Vienan aurkeztutako prototipoa “maizterra eta esklabua” izenez bataiatu dute. Hitz lauz esatearren, esklabua X izpiak igortzen dituen aparatua da eta maizterra pazientearekin zuzeneko harremanetan dagoen eta esklabuaren mugimenduak agintzen dituen kontrol sistema. Maizterra eta esklabuaren arteko komunikazioa elektronikoki burutzen da.

Erradiologoak sistema berria ukimenaren bidez maneiatzen duen bitartean, X izpiek pazientearengan sortzen dituzten irudiak kontrola ditzake. Ploemek aurkeztutako prototipoak orain arteko sistemek erradiografia bat egiteko behar duten denbora erdira ekarri du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia