}

Erreferentziarik gabe, jira eta buelta

2010/03/21 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Beldurrezko filmetan ohiko gertakaria da protagonistak basoan, basamortuan edo erreferentzia-puntu garbirik hartzerik ez dagoen beste inguruneren batean galtzea. Aurrera eta aurrera egiten dute, handik aterako direlakoan, eta, halako batean, lehenago haiek utzitako oin-arrastoekin egiten dute topo. Orduan ohartzen dira ez dutela aurrera egin, eta biribilki ibili direla. Ibilbide biribilak egiteko joera dugu inguruan erreferentziarik hartzerik ez dugunean.

Filmari tentsioa emateko trikimailu bat dela irudi dezake. Badauka errealitatearekin loturarik, ordea. Izan ere, Alemaniako Max Plank Institutuan egindako ikerketa batean ikusi dute jendeak benetan ibilbide biribilak egiteko joera duela inguruan erreferentziarik hartzen ez duenean. Erreferentzia-puntuak hainbat izan daitezke, hala nola eraikin garairen bat, urrutiko mendiren bat, baita Eguzkia edo Ilargia ere. Horrelakorik gabe, ez dugu zuzen ibiltzerik.

Science aldizkarian azaldu dutenez, 1920ko hamarkadan hasi ziren ohartzen ikusteko gai ez den jendeak bere ibilbidea okertzeko joera duela. Joera bitxi horri azalpena emateko, esan izan da zango bat bestea baino luzeagoa dugula, eta horrek eragiten digula aurrera zuzen egiteko gai ez izatea. Hala balitz, baina, beti alde jakin baterantz okertuko ginateke, eta Alemaniako ikertzaileek ikusi dute okertzea ere ez dugula sistematikoki egiten; pertsona bakar batek ezkerreranzko bidea har dezake, gero eskuineranzkoa, azkenean abiatu zen puntura iristeko.

Ez da harritzekoa garai bateko ikertzaileak ez ohartzea alde baterantz nahiz besterantz okertzen garela, orduan ez baitzegoen ibiltarien ibilbideei jarraitzeko baliabiderik. Orain, berriz, bai, badago horretarako aukera, GPS bidez doitasun handiarekin jakin baitaiteke nondik nora ibili den pertsona jakin bat.

Eguzkia ikusterik izan ez zutenetan, ibiltariak biribilak egiten bukatu zuten basamortuan (Argazkia: www.fjexpedition.com/A. Zboray). .

Hain zuzen, GPS bidezko jarraipena egin dute Max Plank institutuko ikertzaileek beren ikerketan. Bederatzi lagun hartu, eta ahal bezain zuzen ibiltzeko esan zieten, batzuei Saharako basamortuan eta besteei Bienwald basoan (Alemaniako baso luze eta lau batean).

Bederatzitik lau egun goibel batean ibili ziren basoan, eta laurek egin zituzten ibilbide biribilak. Horietako hiru, gainera, behin eta berriz pasatu ziren eurek utzitako oinatzen gainetik, eta ohartu ere ez ziren egin. Beste bi lagun ere basoan ibili ziren, baina haiek Eguzkia erabili ahal izan zuten erreferentziatzat, eta ibilbide ia zuzena egin zuten.

Gainerako hiru parte-hartzaileak Saharako basamortuan jarri zituzten ibiltzen. Bik egunez egin zuten proba, eta ez zuten zuzen-zuzen egin bidea, baina ez ziren iritsi zirkuluan ibiltzera. Hirugarren parte-hartzailea, berriz, gauez ibili zen, eta tarte batzuetan baino ez zuen izan Ilargia ikusgai. Bada, Ilargia hodeien atzean ezkutatzen zenean, ibiltaria desbideratu egiten zen.

Garunean dago "akatsa"

Baso itxietan ere zailagoa da erreferentziak hartzea, eta biribilki ibiltzen bukatzea (Argazkia: Mossaiq).

Zangoen luzeraren azalpena baztertuta, ikertzaileek uste dute garunean dagoela portaera bitxi horren jatorria. Kanpoko erreferentziak alde batera utzita, garunari barne-belarriak (zehazki, orekari eusten laguntzen digun sistemak) eta muskuluetako eta giltzaduretako mugimenduaren sentsoreek ematen diote egiten ari den ibilbideari buruzko informazioa.

Baina informazio-emaile horiek akastunak dira; huts txikiak egiten dituzte. Hortaz, oinez doanak uste du zuzen egiten ari dela aurrera, baina, benetan, okertu egiten da. Eta lerro zuzenaren pertzepzio akastun hori zuzentzeko erreferentziek huts egiten diotenean, gerta daiteke, eta gertatzen da, akatsek norabide jakin baterantz bideratzea oinezkoa, eta pixkanakako okertze horrek azkenean 360 graduko ibilbide bat eragitea.

7K- n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia