Erresonantzia magnetikoa, Alzheimerrari aurre hartzeko
2005/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Alzheimerraren eragina arintzeko, ezinbestekoa da lehenbailehen detektatzea gaitza. Lehen sintomak azaldu baino lehen diagnostikatzea komeni da, eta, orain, badirudi saguetan garatu duten erresonantzia magnetikoko teknika bat aproposa izan daitekeela hori lortzeko.
Gaur egun, nahasmena eta oroimen-arazoak azaldu eta gero egiten dute sendagileek diagnostikoa. Alabaina, sintoma horiek azaldu baino 10 edo 20 urte lehenago, dagoeneko hasi dira sortzen gaitza eragiten duten proteina-plakak garunean. Tamalez, ez zegoen bizidunetan plaka horiek hasieratik ikusteko modurik.
Japonian, ordea, aurrerapauso garrantzitsua eman dute. Ikertzaileak erresonantzia magnetikoko teknika arruntean oinarritu dira, eta plakei itsasten zaien konposatu bat erabili dute plakak ikusarazteko. Izan ere, teknika arruntak ematen dituen irudietan, plakak ez dira nabarmentzen garunaren beste egituretatik. Konposatu horrekin, ordea, plakak erraz bereizten dira. Konposatua fluorraren eratorria da, eta ez dago berez saguen eta gizakien gorputzean. Saguekin egindako ikerketen arabera, nahikoa da konposatua injektatzea plakei lotzeko.
Horri esker lortu dute, beraz, plakak nabarmentzea. Hartara, lehen sintomak azaldu baino askoz lehenago detektatu eta tratatu ahal izango da Alzheimerra.