Erretinako zelula ilunak ikusgai
2009/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Erretinako zelula ilunak ikusgai egiteko teknika bat garatu du Rochesterko Unibertsitateko ikertzaile-talde batek. Zelula horiek ez dute argirik jasotzen, baina ezinbestekoak dira argia jasotzen dutenak etengabe berraktibatzeko. Horregatik, begietako gaixotasun asko zelula ilunen endekapenarekin daude lotuta, eta teknika berriak diagnostikoan lagun dezake, gaixoak berak sintomarik nabaritu baino lehen.
Teknika gaixotasuna eragiten duten toxinez baliatzen da. Fluoreszentzia pixka bat agertzen duten molekulak dira. Ikertzaileek argi berdez eta urdinez argitzen dute erretina, eta, toxinak badaude, zelula ilunek argi fluoreszentea igortzen dute. Hala ere, oso intentsitate txikiko argia da; hain zuzen ere, fluoreszentzia detektatu ahal izateko, teleskopioetan erabiltzen den teknika optiko bat erabili behar izan dute ikertzaileek, egokitze-optika. Teknikaren bitartez, endekatze-prozesua bera ikertu ahal izango dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia