}

Erretxinazko memoria

2002/11/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Epoxi erretxinak asko erabiltzen dira hainbat eta hainbat aplikaziotan. Orain, Nature Materials aldizkarian argitaratutako artikulu baten arabera, badirudi aproposak direla memoria handiko euskarri informatikoak egiteko. Antza, DVD arrunt batean baino 10 aldiz informazio gehiago gorde daiteke material horretaz egindako euskarrian.

Izan ere, epoxi erretxinazko euskarri horietan, informazioa hiru dimentsiotan gordetzen da; aldiz, DVDetan, bi dimentsio besterik ez dira erabiltzen. Ikertzaileak aspalditik ari dira lanean informazioa hiru dimentsiotan gordetzeko eta, horri esker, memoria areagotzeko modu bat aurkitzeko, eta probatzen ari diren bideetako bat laserrean oinarritzen da.

Puntu fluoreszente bakoitzak 300 nanometro neurtzen ditu, eta laser-pultsuak erabilita idatzi da fenolftaleinaren eratorri batean
fakultatetako laborategietan erabiltzen den pH-aren adierazle arrunt batean

Hain zuzen, laserraren bidez, puntu zehatzak sortzen dira materialetan. Puntu horietan, aldaketa kimikoak gertatzen dira, eta berriro laserraren pean jartzen direnean, fluoreszentzia igortzen dute. Horrela, informazioa gorde eta irakur daiteke. Prozesu horri multifotoi-xurgatzea deitzen zaio, hiru fotoi behar direlako puntu fluoreszente bat egiteko. Baina memoria optiko hori egiteko erabiltzen diren material gehienak suntsitu egiten dira datua irakurtzen denean, edota, bestela, laser oso garestia behar da.

AEBetako Bostongo Unibertsitateko ikertzaileak, ordea, arazo hori gainditzeko gai izan dira. Multifotoi-xurgatzea material merkeekin probatzen ari zirela, epoxi erretxinak egokiak direla ikusi zuten. Nonbait, epoxi erretxinak erabilita, puntu fluoreszenteetan gordetako datuak milioi bat aldiz baino gehiagotan irakur daitezke materiala suntsitu gabe. Gainera, euskarriak ez du disko itxura eduki beharrik, beste edozein formatakoa izan daiteke.

Teknologia hori oraindik garatzeko dago. Momentuz, oztopo handi bat du: datuak grabatzeko denbora asko behar da; DVD bikoitz batek hartzen duen informazioa gordetzeko 3 aste behar dira. Hala ere, oztopo hori ere gainditzea espero dute, eta datu ugari jaso behar diren tokietan erabiltzeko (ospitaleak, administrazioa...) egokiak izango direla uste dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia