}

Errobi ibaia kudeaketa-plan egokiaren bila

2001/07/08 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa


Euskal Herriko ibai askoren egoera penagarria da, eta beste askorena itxuraz hobea bada ere, kontuz, itxurak askotan engainatu egiten du eta. Zorionez, badirudi kontzientziazio maila handitzen ari dela eta kudeaketa-planen bidez egoera aldatzeko borondatea dagoela. Errobi ibaiaren erreka-hitzarmena behintzat aurrera doa, eta aspaldiko proiektua den arren, atzo finantza-laguntzaileek hitzarmena sinatzean indarberrituta geratu da.
Errobiren arroan jarduera nagusia nekazaritza da.

Errobi ibaia askorentzat ez da oso ibai ezaguna izango, baina, tira, seguru aski inori ez zaio arrotza egingo Bidarrai eta Baigorri inguruetan kayak eta raftinga bezalako ur-kirolak egiteko inguru paregabea dagoela. Errobiren goi-ibilguko biztanleek arrantzarako leku aproposa delako ezagutzen dute batez ere, eta Errobiren behe-ibilgukoek, berriz, edateko ura bertatik hartzen dutelako preziatzen dute. Bakoitzak bere interesen araberako aurpegia ikusten dio ibaiari, baina ez da sekula ahantzi behar erabilera bakoitzak ibaiaren kalitatean eta, ondorioz, beste jardueretan izan dezakeen eragina.

Noski, ezinbestekoa da ibai guztietan horrelako jarduerak egotea (ibaiak ez dira erreserba integralak), baina gutxitan dago jarduera eta erabilera horiek guztiak bateratu eta ibaiaren kalitatea berreskuratzea helburutzat duen plana. Errobin aspalditik dago kudeaketa-plana, baina denbora dezente herrestan ibili ondoren, indarberrituta gertu da finantza-laguntzaileek beren engaiamendua sinatu baitute.

Errobiren ezaugarri zenbait

Errobi Nafarroa Behereko Pirinioetan sortzen da eta Baionan Aturrira isurtzen ditu urak. 75 km-ko ibilbidea eta 1.000 km 2 -ko arroa du. Horko 43 herritan 70.000 biztanle bizi da. Ibai-ertzetako lurren % 27 oihanek hartzen dute, % 42 zelaiek eta % 22 urbanizazioek. Ondorioz, argi dago jarduera nagusia laborantza dela, nahiz eta industria pixka bat ere badagoen. Hala ere, laborantza ez da intentsiboa, eta ez da frogatu ondorio kaltegarririk eragiten duenik. Biztanleek, bai, ur zikin ugari jaurtitzen dituzte ibaira, eta azterketa mikrobiologikoek erakutsi dutenez, isurketa horiek arazo larria dira.

Baina, esan bezala, etxeetako hondakinez eta laborantzaz gain, beste jarduera batzuek ere eragina dute ibaiaren kalitatean, eta nahikoa da ibaiertzeetan paseotxo bat ematea horretaz jabetzeko. Ibilaldia ibairen sorburutik hasita topatzen diren 17 arrain-haztegiek, 20 mikrozentralek, ehiztariek, arrantzaleek (orotara 6.200) eta ur-kirolak egiten dituztenek (urtean 25.000 pertsona) argi erakusten dute ibai horren garrantzia. Kanbo ingurura jaitsita, Errobiko ura termalismorako erabiltzen da; eta Ustaritz parean, berriz, Errobiko harria erauzten diharduten kamioak ageri dira; baita Baiona, Angelu eta Miarritzeko biztanleak urez hornitzeko 20.000.000 m 3 ur hartzen dituen enpresaren instalazioak ere.

Itxura polita, baina arazo larriak

Gehiegi hurbildu gabe, zaila da Errobik hainbeste jarduera dituela pentsatzea, baina kalitatea berreskuratzeko planean ezinbestekoa da guztiak kontuan hartzea.

Ibaiko uraz baliatzen diren 17 arrain-haztegi daude, gehienak Urepele inguruan.

Miren Iturriotz kudeaketa-planaren dinamizatzailearen arabera, "azterketa fisiko-kimikoan, Errobi oso kalitate oneko ibaia dela ikusi zen; baina kalitate bakteriologikoa ibaiaren behe-zatian txarra edo oso txarra da". Azterketa bakteriologikoak emandako datuak kontuan hartzekoak dira, alde batetik edateko urarentzat arazo handia direlako eta, bestetik, ibaiaren arroan dagoen arazo larria azaleratzen dutelako. Legearen arabera, 100 ml uretan 20.000 koliforme fekal baino gutxiago egon behar dute edateko moduko bihurtzeko hartzen den urean. Errobin 18.000 koliforme fekaletako kontzentrazio maila dago puntu batzuetan, eta maila gaindituz gero, edateko ura egiteko Errobiko ura ponpatzea debekatu egingo litzake. Miren Iturriotzen hitzetan, "hori katastrofea litzake, neguan 200.000 biztanle eta udan 400.000 urik gabe utziko bailirateke. Kalitate bakteriologikoa bermatzea da, beraz, kudeaketa planaren lehen helburua".

Arazo hori sorrarazten duen puntu beltza etxeko ur- zikinak dira. Hiru araztegik jaurtitzen dituzten urez gain (Donibane Garazikoa, Aldudekoa eta Baigorrikoa), sakabanatuta dauden etxe ugaritako ur zikinak ere batere tratamendurik gabe jasotzen ditu Errobik. Dena dela, Frantziako legediaren arabera, herri bakoitzak 2005erako etxe guztietako urak garbitzeko plangintza eduki beharko du.

Errobin bainua debekatua egotea ere kalitate bakteriologiko txarraren ondorio da. Gaur egun, kirol asko egiten da Errobin (kayak, rafting...), eta ez da harritzekoa uda partean jendea bainatzen ikustea, baina izatez debekatua dago. Esan gabe doa, kalitate hori hobetuz, Errobiren irudia erabat aldatuko litzatekeela.

Ibaiaren bizitza biologikoarentzat kalitate hobea ere beharrezkoa dela ikusten da. Horretarako, jarraipen hidrografikoa bermatu nahi da, eta ibaiertzak zaintzeko ideia ere badago. Arrain migratzaileentzat traba guztiak gainditzeko eskalak jartzea eta mikrozentralek ibaiaren gutxiengo ur-emaria errespetatzea lortu behar da.
Dena dela, eragile guztiak ahal duten neurrian laguntzeko prest agertu badira ere, arazo nagusia jendeak askotariko interesak izatea da.

Errobi ibaia Donibane Garazitik pasatzen.

Alde batetik, jarduera desberdinen arteko gatazkak topatzen dira eta, bestetik, herrien artekoak. Izan ere, arrantzalea eta ur-kiroletan diharduena elkarrekin ongi konpontzea zaila da. Era berean, Errobiren goiko eta beheko zatian dauden arazoak ez dira berdinak. Behe-ibilguan edateko urarentzat kalitate oneko ura nahi da, eta goi-ibilguan, berriz, herri txikiek zail ikusten dute eurek bakarrik araztegirako instalazio guztiak finantzatzea. Miren Iturriotzen esanean, "ibaia bere osotasunean hartu behar dela oroitarazi eta elkartasun-hitzarmena sinarazi nahi da. Horrela, Baiona, Miarritze eta Angeluko biztanleek 10 zentimo gehiago ordainduz, ibaian gora dauden herriak lagunduko lituzkete".

Erreka-hitzarmenaren ideiak, ibaia bere osotasunean hartu eta erabilera guztiak kontuan hartzen dituen neurrian, kudeaketarako elementu interesgarria dirudi. Orain, biztanlearengana heldu eta emaitza interesgarriak lortzea gelditzen da.

Zer da erreka-hitzarmen bat?

Erreka-hitzarmena ibai batean aldaketak sor ditzaketen eragile publikoen zein partikularren arteko hitzarmena da. Helburua ibaian bertan edo arroan egiten diren jarduera guztiak bateratu eta ibaiaren kalitatea berreskuratzea eta inguruko ur-iturri guztiak babestea da, beti ere, ibaiaren ezaugarri guztiak aintzat hartuz.

Erreka-hitzarmena sinatzen dutenek, bakoitza bere arduren arabera, jarritako helburuak epe ertainean lortzea engaiatzen da. Gehienbat, arroako herrietako hautetsien lana izaten da helburuak finkatu eta bultzada ematea, baina biztanle guztien sentsibilizazioa beharrezkoa da. Horrela, hitzarmena urte batzuetako plana bada ere, sentsibilizazioa areagotuz hain aipatua den garapen jasangarriari bide ematen zaio.

Erreka-hitzarmenaren egitura oso sinplea da. Hautetsiak batzen dituen talde eragilea dago batetik, eta eragina izan dezakeen hainbat jende (arrain-haztegietakoak, arrantzaleak, laborariak, ur-kirolariak, mikrozentraletako arduradunak, ekologistak, industrialak...) eta interesa agertzen duen oro batzen dituen batzordea daude bestetik. Bi talde horiek hartzen dituzten erabakiak arroako biztanle guztiei jakinarazten zaizkie. Neurri batean, talde- eragileak koordinazio eta sentsibilizazio lana egiten du.

Gaurkoan Errobi ibaiaren hitzarmena izan dugu hizpide, baina ez da Iparraldean dagoen bakarra. Lapurdiko Urdazuri eta Zuberoako Uhaitzandi ibaiek ere bakoitzak bere beharrei egokitutako plana dute.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia