}

Erronka berriak kimikan 1996

1996/02/01 Arrojeria, Eustakio - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

2.000 urtetik askok uste baino hurbilago gaude jadanik. Zenbaki mitikoa errealitate ukigarri bihurtu da, etorkizuna gaur delarik. Mende berriaren atarian, erronka berriez berba egiteko parada eskaini diguten ihardunaldiak burutzen ari dira Donostian. PROGRAMA "Etorkizuna ez da existitzen, etorkizuna egunero egiten da"

Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultateak antolatu ditu hitzaldiak eta arlo desberdinetako adituak bertaratu dira hurrengo bost urteotako ildo nagusiak azaltzera. Gai interesgarri asko jorratzeaz gain, burutazio garbi bat utzi digute mahiaren gainean: etorkizunean unibertsitatearen eta enpresaren arteko harremanak hestuagoak izango dira edo ez da etorkizunik izango.

Etorkizunari begi berriez so

Kimika Fakultateko Dekanordea den eta hitzaldiak antolatzen diharduen Unai Ugaldek azaldu zigun ekimen horren helburu nagusia. Hezkuntza eta ikerketa gertutik ezagutzen dituenez,gaur egun gure enpresek duten teknologibeharraz kexu azaldu ohi da sarritan. Gaur-gaurkoz, gure enpresak menpekotasun-egoeran daudela eta horrek etorkizuna hipotekatzea eragin dezakeela esan zigun. Izan ere, garapenaren giltza ei duten herrialdeetara zuzentzen omen dira oraindik gure enpresak eta Unaik zioenez, Euskal Herria jakintza-arlo desberdinak inportatu behar izaten dituen lurraldea dela esan dezakegu. Horixe izan da bederen, azken 20 edo 25 urteetako joera nagusia. Egia da bestalde, azken urteotan egoera hori aldatu egin dela, baina enpresetako funtzionamendura-ereduak ez ei dira neurri berean berritu. Horren ondorioz, menpekotasunak baldintzaturik segitzen dugu.

Eta zer egin daiteke hori aldarazteko? Zuri bezalaxe irakurle, guri ere bururatu zitzaigun galdera hori eta aurkezpenean entzundakoaren arabera, erantzun nagusia ekar dezakegu hona: berritzea, bai enpresaren eta baita unibertsitatearen funtzionamendu ereduak berritzea. Geroak esan beharko du baina Donostian esan zitzaigunez, berritze prozesu horren garrantzia, bai ekonomikoa eta baita historikoa ere, erabatekoa izango da.

"Erronka berria kimikan 1996" ekitaldiaren aurkezpena. Ezkerretik hasita, Angel Castrillo Adegiko ordezkaria, Unai Ugalde Kimika Fakultateko Dekanordea eta Arantxa Olaizola Euskadiko Kutxaren ordezkaria.

Eta nork eman behar du lehen urratsa? Horra hor milioiaren galdera. Adituen iritziz, erronka berriari ekiteko orduan, hiru eragile nagusiren partehartze aktiboa behar beharrezkoa da. Batetik, orain arteko ohiturak aldatu eta berritzearen aldeko joera garbia erakutsi beharko duen industri ehuna dugu; bigarrenik, goi-mailako formazioaz arduratzen diren erakundeak eta guztien buru, Unibertsitatea: ikerketa-proiektuak sustatuz eta enpresekin beharrak zuzenean ezagutzeko ahalegin berezia eginez; eta hirugarrenik, gure produkzio-, hezkuntza- eta gizarte-egituraketa bideratuko dituzten erakunde politiko eta sozialak.

Ihardunaldiak antolatzeaz arduratu den Ian taldeko burua izanik, Unai Ugalde "itaundu" genuen unibertsitateak prozesu horretan izango duen zereginaz. Unibertsitateak hezkuntza eta ikerketa bultzatuz, elkarlanerako kultura berrian ardura handia izan behar duela esan zigun. Bere aburuz, horretarako tresna egokia izan daiteke Kimika Fakultateak antolatutako hitzaldi-zikloa eta horrek biltzen duen Ian-filosofia.

Filosofiatik errealitatera ordea, jauzi handia dago. Horretaz jakitun, harramanetarako testuinguruak berritzen ari dira. Donostiara etorriko diren adituak, bakoitza bere Ian arloan, punta-puntakoak dira eta hurrengo urteotan ezagutuko ditugun garapen-lerroak zeintzuk izango diren aurrikusteko moduan daudela esan daiteke. Horregatik gonbidatu zituzten, une honetan burutzen ari diren industri nahiz hezkuntza-proiektuen bideragarritasunaz ikuspegi orokorragoa izateko aukera eskainiko dutelakoan. Hori horrela izanik, bi motako iharduerak atondu dira. Batetik, hitzaldien bidez beren ikerketa arloari buruzko xehetasunak eta etorkizunerako norabideez berba egiteko parada eskaintzen ari da eta bestetik, ikerketa-arlo horretaz baliatuko diren enpresekin zuzeneko harremana izatea bultzatu da. Enpresen estrategiak egun punta-puntakoak diren norabideetara bideratzeko balio izatea da iharduera horien helburua.

Amaitzeko, ikasleen zereginaz galdetu genion Unairi. Unibertsitatea formaziorako tresna den neurritik, ikasleentzat ere argigarria gertatzea nahi da. Jakintza arlo guztiak berritzen ari direla eta horietara heltzea ikasle guztien esku dagoela esan zigun. Donostiako ihardunaldietan parte hartu duten adituei dinamismoaren pertzepzioak etorkizuneko profesionalak Ian- eta ikerketa-mundura bideratzeko tresna izango dela entzun diegu. Hala bedi.

Lelo leloa, betiko lelo

Sarritan aipatu izanagatik ez da oraindaino argitu eta betiko leloaz ere berba egin genuen, Kimika Fakultateko ihardunaldiak aitzakitzat harturik. Izan ere, saioen aurkezpenera bildutakoon artean, enpresa eta ikerketaren arteko "feed-back" delakoaz kezka handia sumatzen zen.

Unai Ugaldek zioenez, lehen eskaria enpresetatik etorri beharko luke harremanak behar bezala funtzionatzea nahi bada. " Industri sektoreak ez badu unibertsitatera jotzen elkarlana eskatzera, nekez formatuko dira ikerlariak enpresen egiazko beharretan. Jakina da bestalde, zenbait enpresek bere ikerketarako irtenbide propioak jorratu izan dituela behar horiei aurre egiteko eta pentsa litekeela unibertsitatearen beharrik ez dutela. Nolanahi ere, ezin da erronka osoa enpresen esku utzi. Izan ere, unibertsitateak ez du beti asmatu enpresatara hurbiltzeko unean eta ondorioz, enpresek ez dituzte ezagutzen unibertsitateak dituen baliabideak, ez materialak ezta intelektualak ere ".

Unibertsitatearen gabezia adierazten al du horrek? Gure unibertsitateetan ez al da ikerketarik egiten? Galderaren aurrean ezezkoa erantzun zuen Unaik. Zenbait nabardura eginez, beti ere. Kimika Fakultateko Dekanordeak zioenez, " Euskal Herriko Unibertsitatean ikerketa egin egiten da, baina ikerketa aplikatua egiteko orduan ez dugu beti asmatzen ". Esandakoa janzteko, ondoko datuak eman zizkigun Ugalde jaunak: EHUan egiten den ikerketaren %10-15 baino ez da gerora aplikatuko industrietan, Japonian %40-35 eta EEBBetan %25 ingurukoa den bitartean.

Bestalde, industriaren behar zuzenetara bideratutako ikerketa %4koa baino ez dela esan daiteke. Unibertsitateak produkzio prozesuetan duen intzidentzia oso txikia dela adierazten du horrek. Askok ez badaki ere, EHUak urtero 5 edo 6 patente kaleratzen ditu, baina orain arte bakarra saldu da eta hori kanpoko enpresa batean. Horrek garbi adierazten du bi eragileen artean dagoen amildegia.

Otsailak 15, osteguna
Jose Elguero (CSIC)
Kimikaren hizkuntza

Otsailak 29, osteguna
Arturo Horta (UNED)
Kimika eta natura

Martxoaren 14, osteguna
Joaquín Gacen (EITT)
Fibra kimikoak gaur egungo egoera
eta hurbileko etorkizuna.

Jon Larrañaga

Horrelaxe mintzatu zen Felix Mari Goñi EHUko katedraduna Donostiako saioei hasiera eman zien hitzaldian: "2.000. urteko biokimika" izenburukoan, hain zuzen. Ikustagun zergatik.

2.000. urteko aurrikuspenak

Solasaldiaren ardatz nagusitzat hurrengo mendearen hasierako aurrerapen garrantzitsuenak hartu zituen: " hurrengo mendearen hasieran, gaur egun dugun berbera izango dugu, baina garatuagoa ". Goñik esandakoaren arabera, ondoren azalduko ditugun hiru arloetan nabarmenduko dira hurrengo urteotako aldaketa azkarrak.

Genomen sekuentziazioan emango diren aurrerapausoak bereziki aipagarriak izango dira. 2.000. urterako hainbat espezieren genomak guztiz sekuentziatuta egongo direla eta arratoiaren eta gizakion genomen sekuentziazioa ere oso aurreratuta egongo direla iragar daiteke. Geneak sekuentziatzeko metodo hobeak eta azkarragoak ere agertuko omen dira eta horrek guztiak genomen espresioa erregulatzen duten mekanismoak ezagutzeko eta azken finean, bizia eta biziaren historia hobeto ulertzeko balioko duela esan zuen.

Bestalde, gaixotasunik sortzen ez duten arren (gaixotasunak sortzen dituzten gene gehienak ezagunak baitira dagoeneko), gaixotasunak agertzea errazten duten gene akastunak detektatuko dira. Horrek gaixotasun horien kontrako farmakoak diseinatzea eta prebentzio-bide berriak aplikatzea ahalbidetuko du.

Inplantatu gabeko enbrioiak aztertzeko posibilitatea ere aipatu zen hitzaldian. In vitro egoeran dauden enbrioietatik zelularen bat kenduta, enbrioiak ez du kalterik izaten eta normal inplanta daiteke amaren uteroan. Horrela lortutako enbrioi-zelulan gene akastunik ote dagoen bila daiteke eta horrelakorik egonez gero, terapia genikoa erabili ahal izango da enbrioia inplantatu baino lehen.

Jakina denez, gaur egun jadanik terapia genikoaren saioak egin dira hemofilia, artritis erreumatoidea edota minbizia sendatzen saiatzeko. Hurrengo mendean ordea, terapia horiek burutzeko aski izango da injekzio bat jartzearekin. Hori eginez, gene kaltetuak ordezkatuko dituzten gene osasuntsuak gorputzeko hainbat zelulara eraman ahal izango direla aurrikusi da. Farmakologia k ere ezagutuko du orain arte azaldutako garapena. Goñik zioenez, " hurrengo urteotan farmakoen diseinu arrazionala nagusituko da. Farmakoak ordenadorez diseinatuko dira eta beren propietateak sintetizatu baino lehen aurrikusi ahal izango dira. Dena dela, ez da hori izango farmakoak Iortzeko bide bakarra. Iturri berriak, batez ere itsasoa, ere esploratuko dira ".

Garapen hori ia alor guztietara helduko omen da. Antisorgailuei dagokienez, inplante hormonalen eskutik etorriko dira berrikuntza nagusiak. Inplante horiek emakumearen azalaren azpian sartuko dira eta 3-5 urteko antikontzepzioa bermatuko dute. Bost urteko aurrikuspena baino ez dela zioen Goñik, baina bistakoa denez, berebiziko aldaketa ekarriko du garapen berriak.

Gaur egun gehien kezkatzen gaituen gaixotasunetako bat da minbizia . Horri buruz galdetu zitzaionean, minbiziaren kontrako borroka aipatutako aurrerapen askoz baliatuko dela esan zuen Goñik. " Minbizia izatea errazten duten gene akastunak aurkituko dira, prebentzio kimikorako metodoak eta terapia genikoak garatuko dira. Minbiziaren detekzio goiztiarrak ere aurrera egingo du eta tumoreak lehenago eta txikiagoak direla aurkituko dira. Horrela errazago sendatu ahal izango direla pentsa daiteke ".

Nora doa zientzia?

EHUko katedraduna ezezik, Eusko jaurlaritzako Zientzi Politikako Zuzendaria ere bada Felix Goñi. Bigarren alderdi horretaz ere hitz egiteko parada eskaini zuen Donostiako saioak eta hurrengo urteotako aurrerapen guzti horien alderdi sozial, politiko eta etikoei buruzko hainbat gogoeta egin zuen. Interesgarrienak ekarri nahi izan ditugu txoko honetara eta aurrikuspenak egitea zaila bada ere, etorkizun hurbilean ikusmiran izango diren jarrerak hobeto uler ditzagun.

Hurrengo mendeko zientzia politikarien esku egongo omen da eta ondorioz, lehentasunak aldian aldiko interesen arabera aldatuko dira. Bistakoa denez, egitasmo zientifikoetan gora-behera asko gertatuko direla esan nahi du horrek, Gure gizarteak ere gero eta betebehar garrantzitsuagoa izango du zientziaren aurrean. Aurrerapen zientifikoez kezka gehiago egongo dela eta alderdi etikoari buruzko herri-eztabaida nagusituko dela esan zuen Goñik.

Zientziaren eta enpresen arteko erlazioaz ere hitz egin zuen. Zientziaren garapen-lerro berriek industria bioteknologikoan garrantzi handia izango dute eta litekeena da industria hori aberastasun-iturri garrantzitsua izatea. Nolanahi ere, horretaz jabetuko da nagusiki ekimen enpresarial ausartak martxan jartzeko adorea duen sektorearentzat. Eta Euskal Herrian horrelakorik ba ote dago? Galdera horren aurrean tamelez, ez zen oso baikor azaldu Zientzi Politikako Zuzendaria.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia