}

Esaldi honek hogeitamar letra ditu

1986/10/01 Goñi, Jesus Mari | Etxeberria, J. Iturria: Elhuyar aldizkaria

Aliziaren oporraldia amaitu da. Utzitako gaiari berriro heltzeko behar genuen inspirazioa bapatean piztu zaigu.

Aliziaren oporraldia amaitu da. Gure musa etxeratu ahala, indarberriturik sentitu gara eta utzitako gaiari berriro heltzeko behar genuen inspirazioa bapatean piztu zaigu.

Esaldi honek hogeitamar letra ditu esaldiarekin bukatzen genuen uda aurreko Jolas Matematikoen artikulua. Pizti bitxi eta beldurgarri gisara aurkeztu genizuen esaldi hori uda baino lehen. Piztia denez, udako sugea izatera ailegatzeko zuen aukeran benetan sinesten genuen, baina ez da horrela gertatu. Arrazoi faltaz ez da izan, halafede!. Hala ere, interes ezkutu eta aitortuezinek ebitatu dute merezimendu osoz esaldi honek bete behar zuen ohorezko tokia. Dena dela, hobe dugu bide horretatik gehiago ez jarraitzea...

Esaldi honek hogeitamar letra ditu esaldiak, hogeitamar letra ditu. Horra hor non ezkutatzen diren esaldi honen aipatutako bitxitasun eta beldurgarritasuna. Esaldiak esaten duena bere buruari buruzko zerbait da eta horretaz gain zintzoki betetzen du bere buruari buruz esaten duen hori.

Konpara ditzagun ondorengo hiru esaldiok:

    Donostian atzo euria egin zuen.
    Esaldi honek bi a ditu.
  • Esaldi honek lau a ditu.

Hiru esaldi hauek, bi multzotan bana ditzakegu: alde batetik a) letraz sailkaketa honetan erabili dugun erizpidea, zera izan da: bere buruari buruz hitz egiten dutenak eta ez dutenak. a) esaldiak munduan gertatzen ari denari buruz zerbait esaten du. b) eta c) esaldiek, berriz, beren buruei buruz hitz egiten digute. Bigarren sailkaketan, b) eta c) esaldiak bereiz ditzakegu esaten den hori esaldiak berak betetzen duenaren ala ez duenaren arabera. b) esaldiak bere buruari buruz esaten duena betetzen du. c) esaldiak, berriz, ez du esaten duena betetzen.

Esaldi honek bi a ditu esaldiak, bi a ditu.

Esaldi honek lau a ditu esaldiak, ez ditu lau a letra; hiru baizik.

Artikulu honetan proposatzen dizuegun jolasa, hauxe da: ea zuek b) moduko esaldi gehiago asmatzeko gai zareten.

Jolas hau bi modutara eraman daiteke aurrera. Ondorengo bi hauetan: guztiz modu librean norberak nahi dituen esaldiak asmatuz, edota modu gidatuan. Bigarren modu honetan, besteek sortutako esaldi bukatugabeak egokiro osatzea eskatzen da. Adibidez: Esaldi honetan ... e daude . Hemen zenbaki baten izena sartzea eskatzen da. Zenbaki horren izena sartu ondoren, esaldiak bere buruari buruz esaten duena bete beharko du.

Kasu honetako soluzioa, hutsune horretan 4 zenbakiaren lau izena ordezkatzea da; Esaldi honetan lau e daude esaldiak, eskatutako baldintzak betetzen bait ditu. Bigarren jolas modu hau, zailagoa eta interesgarriagoa da bestea baino. Guri gauza bihurri eta korapilotsuak gustatzen zaizkigunez, bide honetan gehiago sakontzea proposatzen dizuegu.

Hurrengo pauso honetan, bi hutsune dituen esaldia proposatzen dugu.

Esaldi honek .... a eta .... u ditu.

Edota beste hau

Esaldi honetan .... a eta .... e daude.

Honela zabaldu dugun bideak, posibilitate ugari eskaintzen du jolas berriak proposatzeko; horrela, letra bakar batetik, hobeto esanda bokal bakar batetik, bokal-parera pasa gara.

Ez dago inongo arrazoirik kopuru hori ez igotzeko, eta igotzen den neurrian agertzen den zailtasuna ere, gero eta handiagoa izango da.

Lehiaketa modura, ondorengo bi jolas hauek proposatzen dizkizuegu:

    Bost bokalak barneratzen dituen modu honetako esaldia asmatzea.
  • Ahalik eta letra gehien barneratzen duen modu honetako esaldia asmatzea.

Erregu bat. Mesedez idatzi soluzioren bat edo beste bidaliz, zeren eta guk ez bait dakizkigu proposatzen ditugun jolas horien soluzioak, eta hurrengo alea osatzeko garaia ailegatzen zaigunean, kinka larrian aurkituko ditugu geure buruak. Elhuyar aldizkaria argitaratzen duten horiek, oso zorrotzak dira eta arin jokatu dugunaz (problemak ebazpena jakin gabe proposatzeaz, alegia) konturatzen badira, aldizkari osoa buruz ikasterazteko gai dira. Gainera, egunero beren bulegora joatera behartuko gaituzte, egunero orrialde bat buruz beren aurrean errezita dezagun, ordaintzen dizkiguten sosak eskuratu nahi baditugu.

Mesedez, idatzi soluzioren bat bidaliz. Bestela lanbide honetatik bota egingo gaituzte, eta zuek izango zarete auzi honetan gehien galduko duzuenak, zeren eta ziur bait gaude hurrengoak gu baino askoz ere txarragoak izango direnaz.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia