Esklerosi anizkoitza diagnostikatzen duen eredu algoritmikoa sortu dute EHUko zenbait bioinformatikarik
2011/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
EHUko Informatika Fakultateko zenbait ikertzailek esklerosi anizkoitzaren diagnostikoa eta pronostikoa egiten duen eredu algoritmikoa sortu dute, Biodonostia osasun-ikerketarako institutuarekin elkarlanean.
Biodonostiako Neurozientzien alorreko ikertzaileek jorratzen duten gaitzetako bat da esklerosi anizkoitza. Beren esperientzian oinarrituta, mikroRNA izeneko molekula batzuek gaixotasunarekin zerikusia zutelakoan zeuden ikertzaileak. Hala, esklerosi anizkoitzak jotako gaixoen laginak hartu, eta horien mikroRNA molekulen espresio-mailak aztertu zituzten.
Datuokin, EHUko Sistema Adimenduen Ikerketa Taldeko kideengana jo zuten. Sailkatze-eredu algoritmiko bat eraiki zuten haiek, mikroRNA biomarkatzaile gisa hartuta esklerosi anizkoitzaren diagnostikoa eta pronostikoa egitea helburu. "Espresio-mailak txertatuta, eredu horrek gai izan behar zuen iragartzeko gaixotasunik ba ote zegoen, edo gaitza zer fasetan zegoen", azaldu du Borja Calvo bioinformatikarietako batek. Ereduok "nahiko ondo" iragarri zuten gaixotasuna, eta hura balioztatzeko fasean daude orain.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia