}

Eskoziako Lur Garaietan otsoa sartzea klima-larrialdirako onuragarria izango dela iradoki dute

2025/02/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

eskoziako-lur-garaietan-otsoa-sartzea-klima-larria
Arg. Christel Sagniez/Pixabay

Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko luketelako. 

Eredu konputazionalak erabili dituzte ondorio horietara iristeko, eta ikerketa aitzindaria da, orain arteko ikerketetan baino urrutiago joan baitira: otso bakoitzak konponbide klimatikoetan zenbat diru aurrezten lagunduko zukeen kalkulatzera iritsi dira.

Azaldu dutenez, otsoa duela 250 urte desagerrarazi zuten Eskoziako Lur Garaietan. Geroztik, oreinak asko ugaritu dira, predatzaile handirik gabe geratu baitira. Zehazki, Eskozian, gaur egun, 400.000 orein daudela kalkulatu dute, eta haiek dira basoak desagertu izanaren erantzuleak, ez baitiete zuhaitz berriei hazten uzten.

140-190 otso inguru sartuz gero, orein-populazioa orekatu egingo litzateke, eta, hala, basoak sortuko lirateke berriro. Ikertzaileek kalkulatu dutenez, baso horiek milioi bat tona karbono dioxido xurgatuko lukete, hau da, Erresuma Batuak 2050erako planifikatu duen karbono-jaitsieraren % 5.

Ecological Solutions and Evidence aldizkarian argitaratu dute ikerketa, irekian. Haien esanean, gero eta argiago dago klimaren eta biodibertsitatearen krisiak ezin direla bereizita aztertu eta tratatu. Aitzitik, biak aintzat hartzen dituzten irtenbideak behar direla uste dute, eraginkorragoak eta onuragarriagoak direlakoan. Egin duten azterketan, adibide hauek eman dituzte: ekoturismoa sustatzea, oreinek eragindako trafiko-istripuak jaistea eta Lyme gaitzaren kontrola.

Hala ere, onartu dute ideiak kontrako jarrerak ere piztuko dituela. Hain zuzen, Europan eztabaida bizia dago otsoaren babes-mailaren gainean.