Eskuragarri dago MODELA, itzultzaile automatiko adimenduna
2018/11/28 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Euskararen eta gaztelaniaren arteko itzulpen automatikoko sistemarik onena da MODELA, adimen artifizialeko teknika berritzaileenetan oinarritua: Sare Neuronaletako Itzulpen Automatikoa (NMT, Neural Machine Translation).
Itzulpen automatikoan aurrerapen garrantzitsuak egiten ari dira munduan, baina erronka teknologiko handia da oraindik ere. Bide horretan, euskarak lortu du mundu eleaniztunean tokia egitea, eta jauzi kualitatibo handia ekarri du MODELAk. Izan ere, orain arteko itzulpen automatikoko sistemetan, emaitzen kalitatea mugatzen zuten euskararen morfologia aberatsak eta bestelako ezaugarriek; aldiz, sare neuronaletan oinarritutako sistemetan, gainditu egin da muga hori, eta euskararen hizkuntza-teknologiak beste hizkuntzen pare jarri dira. Eta, orain, euskarako testuekin ere baliatzea lortu da.
MODELAk lagunduko du erakundeetan euskararen idatzizko erabilera handitzen eta euskara normalizatzen, eta enpresek kalitateko tresna bat izango dute euskaraz komunikatzeko gai ez direnentzat, besteak beste. Halaber, lagungarri izango da hizkuntza-teknologien garapenerako eta aplikazio berriak sortzeko, hala nola laguntzaile birtualak, testuen analisia, etab. Aplikazio horiek eragin handia izango dute sektore hauetan, besteak beste: osasuna, administrazio publikoa, fabrikazio aurreratua eta ikus-entzunezkoak.
Eragile hauek garatu eta kaleratu dute MODELA: Elhuyar Fundazioa eta Eleka Ingeniaritza Linguistikoa (Elhuyar Fundazioaren enpresa teknologikoa), EHUko Ixa taldea, MondragonLingua, Vicomtech ikerketa-zentroa, Ametzagaiña eta ISEA.
Gehiago jakiteko:
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia