}

Esnatu, mozolo, gidatzen ari zara eta!

2005/03/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Niri egokitu behar! Koadrilakoekin sagardotegira joateko plana egin, autoa nork gidatu zozketa bidez hautatzea erabaki, eta txotx laburrena nori egokitu? Bai, asmatu duzu: niri! Sagardotegira joan eta sagardoa ez probatzea baino gauza tristeagorik! Okerrena, gainera, ez da hori. Okerrena da, ezer edan ez nuen arren, gidatzean sustoa izan nuela. Hain aspertuta eta loguratuta nengoenez, begiak itxi zitzaizkidan! Ia-ia bazterrera joan ginen. Eskerrak koadrilakoak konturatu eta gero ez zidatela lorik hartzen utzi, bestela... Bestela, lorik ez hartzeko sistemaren bat asmatu beharko lukete, eta kito.
Gidatzean lo hartzeko arriskua areagotu egiten da gauez.

Dagoeneko asmatu dute sistema. Sagardotegitik bueltan datozenentzat baino gehiago, gidatzen denbora asko pasatzen dutenentzat da, baina berez denentzat balio du. Loguratzen hasi orduko gidariari lo gelditzeko arriskuaz ohartaraztea da asmoa. Kontuan hartu behar da lana dela eta gidatzen ordu asko igarotzen dituztenek istripuak izateko arrisku handiagoa dutela, eta, kalkuluen arabera, errepideetan gertatzen diren istripuen % 1 logurak eragindakoa da.

Horrelakoak saihesteko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko industria ingeniaritzako sei ikaslek gailu berezi bat asmatu dute, orain artekoak baino seguruagoa. Izan ere, beste sistemak baino lehenago detektatzen du logura, lehen sintomak azaldu aurretik, hain zuzen.

Orain arte asmatu diren sistemak loguraren sintoma nabarmenak detektatzean oinarritzen dira. Adibidez, begien edo buruaren mugimendua aztertzen duten kamerak daude. Begiek sarritan kliskatzen dutenean, gidariak arreta galtzen duenean edota burua okertzen duenean, sistema aktibatu egiten da eta gidariari ohartarazteko seinaleak martxan jartzen dira.

Garuneko uhinetan oinarrituta

Segurtasun-sistemen ikerketan gero eta diru gehiago inbertitzen dute automozioko enpresek.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek aurkeztutako sistemak besteak baino lehenago detektatzen du gidaria logura dela. Begiak sarritan kliskatzen hasi aurretik, edo burua alde batera zein bestera makurtzen hasi baino lehen, asmatu berri duten gailuak badaki gidaria logura dela. Nola lortu dute hori? Bada, gidariaren garuneko uhinak aztertuta. Uhinak banan-banan aztertzen ditu, eta, ohiz kanpoko portaeraren bat sumatzen bada, horrek esan nahi du gidaria lo hartzen ari dela. Beraz, gailuak horren berri ematen du istripua gertatu aurretik.

Gailua PDA edo poltsikoko ordenadore txiki batera konektatuta dagoen txapel berezi bat da. Txapelak sentsoreak ditu barruan; hartara, sentsoreak behar duten lekuan gelditzen dira garezurraren aurka presio egiten. Sentsore magnetikoek garunak sortzen dituen uhinak jasotzen dituzte, eta txapelaren atzealdean dagoen tresna arin batek jasotzen du informazioa. Gero, hortik PDAra igortzen da informazio guztia. Tresna txiki horren eta PDAren arteko konexioa irrati-frekuentzia bidez egiten da, kable bidezko konexioa arriskutsua gerta baitaiteke istripuren bat gertatuz gero.

PDAk iristen den informazioa aztertzen du, eta uhina normala den edo, alderantziz, gidaria lo hartzen ari den ikusten du. Bigarren kasu horretan beste gailu batzuk jarri beharko lirateke martxan. Helburua: gidaria esnatzea, egoeraren berri ematea edo ibilgailua bidetik ateratzea. Baina hori guztia ez dute garatu.

Neurologoekin elkarlanean

Segurtasun-sistemak probatzean gidaria arriskuan ez jartzeko oso baliagarriak dira errealitate birtualeko sistemak.

Industria-ingeniaritzako ikasleek Unibertsitate Klinikako neurologoen laguntza izan dute proiektua egiteko. Haiek bideratu zituzten ikasleak garuneko uhinak aztertzera. Lan horretan ikusi dute bost uhin-mota daudela, anplitudearen eta frekuentziaren arabera. Pertsona bat lo geratzen ari denean, garuneko uhin horien anplitudea handituz doa, eta frekuentzia, aldiz, txikituz. Alfa eta theta uhinen arteko trantsizioan pertsona logale da. Eta justu une horretan jarriko litzateke martxan gailua.

Gidaria logura dela ohartarazten duen gailu horrek gutxi gorabehera 4.500 euro balio du; beraz, gaur egun oraindik oso garestia da. Automobil-gidari batentzako, adibidez, gehiegizkoa izan daiteke; ez ordea, gidari profesional batentzat, kamioi edo autobus batek balio duenarekin alderatuz gero behintzat. Horregatik, bereziki horrelako ibilgailuak gidatzen dituztenentzat da egokia gailua.

Asmatzaileek Bartzelonan egin den automozioaren inguruko XVIII. jardunaldi teknikoetan aurkeztu dute gailua. Hain zuzen ere, aurtengo jardunaldia automobileko segurtasunari buruzkoa izan da.

Etengabeko ikerketa

Batez ere gidatzen ordu asko igarotzen duten langileentzat da egokia Nafarroan asmatu duten gailua.

Ibilgailuen diseinuan eta materialetan ere etengabe ikertzen ari dira segurtasuna areagotzeko helburuarekin. Bi alderditatik saiatzen dira; batetik, istripuak saihesteko moduetan jartzen dute arreta, eta, bestetik, istripua gertatuz gero bidaiariak babesteko sistemetan. Lehenengoak sistema aktiboak dira, eta besteak, berriz, pasiboak.

Segurtasun-sistema aktiboen artean xasisaren diseinua, balaztak, esekidura, direkzioa, pneumatikoak eta ez iraultzeko sistemak daude. Pasiboen barruan daude, besteak beste, airbaga, xasisaren eta karrozeriaren zati batzuk, segurtasun-uhala eta kristalak. Elementu horietan guztietan ari dira aurreratzen, eta, aurrerapenak aurkezten dituztenean batzuetan marketin-kutsua hartzen zaien arren, onerako izaten dira. Harritzekoa ere ez da, marketinaren eta salmenten gainetik baitaude gidarien eta bidaiarien bizia.

7K-n argitaratua.