Esne Bidearen erdiko zulo beltzean erupzioak etengabe gertatzen dira
2025/02/19 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Esne Bidearen erdiko zulo beltzean intentsitate eta iraupen desberdineko erupzioak etenik gabe gertatzen direla behatu du astrofisikari-talde batek, James Webb Teleskopioa erabiliz. The Astrophysical Journal Letters aldizkarian argitaratu dituzte behaketen emaitzak.
Astrofisikariek 48 orduz behatu zuten Sagittarius A* zulo beltza, urtebetean zehar, 8 eta 10 ordu arteko saioetan. Eta behatzen zuten bakoitzean, zerbait ezberdina ikusten zuten. Zulo beltzaren inguruko gas eta hautsezko diskoan (akrezio-diskoan), erupzioak etengabe gertatzen direla ikusi dute. Erupzio batzuk segundo gutxi batzuk baino irauten ez duten distira ahulak dira, baina, egunero, erupzio oso distiratsuak ere gertatzen dira. Badira, halaber, hilabeteetan zehar luzatzen diren erupzioak ere.
Erupzioak ikustea espero bazuten ere, hainbesteko jarduerarik ez zuten espero. Egunean bospasei erupzio handi geratzen direla ikusi dute, eta, tartean, hainbat txikiago. Beti borborka ari dela ikusi dute, eta ez dirudi inoiz egoera egonkor batera iristen denik. Bestalde, jarduera oso aldakorra du, eta ez du eredu argirik.
Ikertzaileek ez dute argi oraindik nola gertatzen diren erupzio horiek guztiak, baina uste dute bi prozesuren eraginez izan litekeela. Akrezio-diskoko perturbazio txikiek sortuko lituzkete erupzio ahulenak. Eta fulgurazio bortitzenak eta distiratsuenak, berriz, birkonexio magnetikoen ondorioz izan litezke. Prozesu horretan bi eremu magnetikok talka egiten dute, eta energia askatzen dute partikula azeleratu gisa. Partikula horiek argiaren abiaduratik gertu mugitzen direnez, leherketa distiratsuak sortzen dituzte.
