}

Esne Bidearen eta Andromedaren arteko talka ikusiko du Lurrak

2007/05/17 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia


Etorkizun hurbila iragartzea zaila da, baina, oso epe luzera, egoera ezberdina da, milaka milioi urte barru espazioko fenomenoen araberakoa izango delako gizakiaren etorkizuna (gizakiak ordura arte irauten badu, behintzat). Hemendik 5.000 milioi urtera, Eguzkia erraldoi gorri bat bilakatuko da, eta, prozesu horretan, tamaina handitu eta Lurra irentsiko du. Ustez, hori izango da gizakiaren bukaera. Hala ere, ikerketa baten arabera, hori gertatu baino lehen ere izango dira gertakizun larriak: Esne Bideak eta Andromeda galaxiak talka egingo dute, eta litekeena da horrekin batera Eguzkiaren ‘jabetza’ aldatzea.

Aspalditik zen jakina Esne Bideak eta Andromedak talka egingo zutela, baina astronomoek uste zuten Eguzkia hil eta gero izango zela. Azken kalkuluen arabera, alderantziz izango da: galaxien arteko talka hemendik 2.000 milioi urtera izango da, Eguzkiak Lurra irentsi baino lehenago. Zer gertatuko da gizakiarekin orduan?

Galdera horri erantzuteko, espekulazioaren esparrura jo behar da. Oso litekeena da ordurako homo sapiens espeziea desagertua edo eboluzionatua egotea, eta, beraz, gizakirik ez izatea. Baina, astronomo batzuen ustez, irauten badu, galaxien arteko talka horrek ez dio eragingo. Hori bai, espaziora begiratuta izango den ikuspegia aldatu egingo da, Eguzkia Andromedaren barruan geratuko delako.

Argazkian, bi galaxien arteko talkaren irudikapena dago.

Argazkia: Harvard-Smithsonian Center for Astrophysics

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia