Esnea edateko gaitasuna eboluzioan
2007/01/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Abereak etxekotu aurretik, duela 9.000 urte edo gehiago, umeak titia hartzeari uzten zionean, ez zuen beste esnerik hartzen; ondorioz, heldu ahala laktosa digeritzeko behar den entzima (laktasa) ekoizteko gaitasuna galtzen zuen.
Gaur egungo populazioa garai hartakoaren ondorengoa da, eta, beraz, ez da arraroa laktosa digeritzeko ahalmenik ez duten pertsona helduak topatzea. Esnea hartzen badute, laktosa digeritu ezinik geratzen dira, ondoezik. Sintoma arruntenak sabeleko mina, haizeak, botagura eta diarrea dira, besteak beste.
Baina duela 9.000-8.000 urte, gizakiak abereak etxekotu zituen. Orduan, gizon-emakumeek eskura zuten esnea , eta abantaila bihurtu zen elikagai hori digeritzeko gai izatea. Hortaz, mutazioren bati esker esnea digeritzeko ahalmena zutenen alde egin zuen eboluzioak.
Herritik herrirako aldea
Afrikako herri ganaduzale askotan, esnea oinarrizko elikagaia da.
(Argazkia: X. Iturria)
Edonola ere, laktosa metabolizatzeko ahalmenean, alde handia dago populazio-talde batzuetatik besteetara. Adibidez, Asiako leku gehienetan ez da ganadua hazteko ohiturarik egon, eta hango biztanle gehienek ezin dute esnerik hartu, ez baitute ahalmenik laktosa digeritzeko. Europaren iparraldekoen arbasoek, aldiz, ganadua hazten zuten, eta han oso gutxik dute laktosarekiko intolerantzia.
2002an, Finlandiako eta inguru haietako pertsona helduei laktosa metabolizatzeko gaitasuna ematen dien mutazioa identifikatu zuten ikertzaile batzuek. Laktasaren ekoizpenarekin lotutako gene batean dago mutazioa. Ikertzaileak harrituta gelditu ziren, ordea, ikustean mutazioa ez dela hain ohikoa esnea edaten duten Europaren hego-ekialdeko biztanleen artean, ezta Ekialde Hurbileko eta Afrikako artzain-herrietan ere.
Misterioa argitzeko, hau da, laktosarekiko tolerantzia herri horietan beste era batera garatu ote den jakiteko, azterketa genetiko bat egin dute Estatu Batuetako Maryland Unibertsitateko ikertzaileek.
Kenya, Tanzaniaeta Sudango 43 herri edo taldetako 110 pertsona ikertu dituzte. Haien DNA aztertu eta laktosarekiko tolerantzia neurtu diete. Emaitza: laktosa digeritzeko ahalmena ematen duten beste hiru mutazio aurkitu dituzte.
Gainera, ikertzaileek ikusi dute mutazio horietako bat, arruntena, duela 3.000-7000 urte sortu zela. Aztarnen arabera, inguru hartan duela 8.000 bat urte etxekotu zuten ganadua, eta orain frogatu dute oso azkar hedatu zela.
Horrenbestez, laktosarekiko tolerantzia bide batetik baino gehiagotatik garatu dela argitu dute. Ikertzaileen esanean, kulturak genoman duen eraginaren adibide adierazgarri eta dotorea da aldaera horiek egotea.
Esnearen proteinak
Nahiko ohikoa da alergia izatea behi-esnearen proteiniei.
(Argazkia: Delaval)
Mutazio horietako bati esker, beraz, laktosa digeritzeko gai da jende asko. Baina pertsona batek nahikoa laktasa eduki arren, gerta liteke behi-esneak kalte egitea. Arrazoi ohikoena behi-esnearen proteinekiko alergia da. Alergikoen immunologia-sistemak kaltegarritzat hartzen ditu behi-esnearen proteinak, eta horien aurka eraso egiten du. Horren ondorioz sortzen diren sintomak laktosarekiko intolerantziak eragiten dituenaren antzekoak dira; horregatik, ez da arraroa bi arazoak nahastea.
Dena den, esnerik hartu ezin duten gehienek ez dute esnekiak hartzeko arazorik, eta, hala, elikagai aberats horren onurak aprobetxatzeko aukera dute.
7K-n argitaratua.