}

"Espazio Bateratua": Errealitate Birtuala eta benetako mundua elkarturik

2000/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Errealitate Birtuala era guztietako simulazioak egiteko tresna paregabea da eta, ondorioz, mundu hori gure eguneroko bizitzan gutxinaka sartzen ari da, batez ere zientzian eta lan-munduan. Baina egun, benetako errealitatearekin erabat hautsi beharra dago simulazioak egin ahal izateko; bai ordenagailuen barnean gertatzen direlako, bai betaurrekoen eta sentsoreen bidez erabiltzailea kanpoarekiko erabat isolaturik uzten dutelako. Espazio Bateratua arazo horri konponbidea bilatzekosortu den kontzeptua da. Helburua ordenagailuak sorturiko simulazioak eta irudiak ingurune fisikoetara moldatzea da, gure eguneroko bizitzan errealitate birtualaren abantailez gozatu ahal izateko.

Demagun arkitekto-talde bat proiektu bat aztertzeko biltzen dela; arkitekto bakoitzak hiru dimentsioko diseinu bat eramango du disko batean eta, mahai baten gainean dagoen holograma bati esker, bere lana beste kideei erakutsi ahal izango die. Beste kideek irudiaren gainean aldaketak egin, beste diseinuetako zatiak gainjarri edo oharrak idatzi ahal izango dituzte.

Simulazioak izaera fisikoa duenez, ez dago bi munduen arteko banaketarik, eta ez da inongo interfaserik behar irudiak ikusi ahal izateko.

Dudarik gabe, horrek zientzia-fikziozko filmea dirudi, baina hori izango da Errealitate Birtuala gure beharretara egokitzeko emango den hurrengo pausoa. Eta laster gainera.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia