}

Espazio estazioaren bizitokia prest

2000/07/11 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Zeruko lantokiak modulu berria izango du uztailaren bukaera inguruan

Lehen ideia espazioan bizi ahal izateko estazioa eraikitzea izan zen. 1984an Ronald Reagan Estatu Batuetako presidenteak hala iragarri zuen, behintzat. Handik hona gauzak asko aldatu dira, baina oso programa sendoan ari dira lanean nazioarteko teknikari taldeek. Proiektu handi horretan hamasei herrialde hartzen ari dira parte. Pixkanaka, nazioarteko espazio-estazioa (International Space Station, ISS) moduluz modulu eraikitzen ari da espazioan.

Proiektu erraldoia zatika

Estazioak sei laborategi izango ditu. Izan ere, orain arte ikerketa egiteko toki zabalena izan duen espaziontzia izango da. Barneko bolumena 747 hegazkin baten kabinarenaren tamainakoa izango du estazioak. Osoa eraikitzeko berrogei hegaldi baino gehiago egin beharko dira. Pieza guztiak elkartzeko (ehun osagai inguru) astronautak, espazioibilaldiak zein robotak erabiliko dira.

Dagoeneko, espazio estazioarekin zerikusia duten lau hegaldi egin dituzte. Lehena 1998ko azaroan Proton kohete errusiarraren bitartez jaurti zen. Zaria kontrol modulua jarri zuen orbitan. Urte bereko abenduan Endeavour jaurtigailuak STS-88 misioa burutu zuen. Misio horretan lehen zatia lotu zitzaion orbitan zegoen moduluari.

Hurrengo urteko ekainean Discovery jaurtigailua erabili zen STS-96 misioan. Misio horretan beste bi modulu lotu ziren. Modulu horiek lanerako tresnak eta garabiak zituzten. Laugarren hegaldia aurtengo maiatzean egin zuten. helburua, STS-101 misioa, mantentze lanetan aritzea zen. Horretaz gain, zazpi pertsonako tripulazioak Zvezda moduluaren harrera prestatzen aritu ziren.

Bihar espazioratuko den modulua lehen biztanleen bizitokia izango da. Kazakhstan errepublikako Baikonur kosmodromotik jaurtiko da, goizeko 4:56an (Greenwicheko ordua). Jaurtiketa Proton motako kohete batez egingo da. Bi aste beharko ditu espazio estazioan atrakatu arte. Hegaldia bi teknikari taldeek kontrolatuko dute, estatubatuarrak eta errusiarrak. Lotura uztailaren 25erako egitea espero da. Muntatze sistema automatikoa dute bai Zvezda-k eta bai ISSko Zaria moduluak.

Lotura egin ondorengo probak egin eta 72 ordutan konfiguratuko da Zaria, Unity eta Zvezda moduluen arteko komunikazio sistema. Izan ere, modulu berriak hartuko du orientazioaren kontrolaren ardura. Sistema hastarazi eta multzo osoa elkarlanean hasiko da. Ezustekorik ez badago, espazio estazioaren hurrengo misioa irailaren 8an abiatuko da. Hala ere, dagoeneko lehenengo tripulazioa has daiteke bertan lanean, agindutako egoitza muntatuta egongo baita laster. Izan ere, hiru astronauta prestatzen ari dira urrian abiatuko den beste misio batean estaziora joateko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia