Espazio-ontzi pribatuen lasterketak badu irabazlea
2004/10/08 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
SpaceShipOne izeneko ontziak irabazi du X saria, enpresa pribatuek egindako espazio-ontzien lasterketa, alegia.
Saria irabazteko, ontziak 100 kilometroko altueraraino igo behar zuen bi aldiz bi asteko epean; SpaceShipOne ontziak aste bakar batean egitea lortu du. Horrelakorik egin duen lehen espazio-ontzi pribatua izan denez, 10 milioi dolarreko saria eskuratu du fabrikatu duen enpresak, Scaled Composites-ek.
Ontzia Kaliforniako Mojave basamortutik jaurti zuten. Horretarako, White Knight hegazkinaren bitartez, 15 kilometrora igo, eta handik askatu zuten. Bigarren hegaldian, 112 kilometroko altueraraino iritsi zen SpaceShipOne, eta horrekin orbitan sartzen ez den hegaldien altuera-errekor berria.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia