}

Espazio-untzi erraldoiak

1986/08/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gure inguruko izarren planetak gizakiarentzat konkistatu ahal izateko, mundu txikia izango litzatekeen espazio-untzi erraldoiak eraikitzearen ideia bota izan da behin baino gehiagotan. Untzi handi hauetan gizasemeak eta hauen abere eta uztak ugalduko lirateke eta belaunaldiz belaunaldi, bidaiatu ondoren Lurra utzi zutenen oinordekoek lortuko lukete helburua.

Izar iristezinetara heltzeko, ideia tentagarria da benetan azaldutako hau. Hala eta guztiz ere, horretan soilik gera daiteke; ideia tentagarrian hain zuzen, joan den urteko apirilean "Spacelab 3" delakoan egin zen zenbait saiok emandako ondorioak konfirmatzen badira. Zazpi egunez espazioan bizi izan zen zenbait arratoi gaztek, hezur-masa eta -gogortasuna galdu egin zituen.

Zer adierazi nahi du horrek? Arazoa gizasemeen mugetara ekartzen baldin badugu, honek espazioan jaiotako umeak txikiak eta lodiak izango liratekeela esan nahi du. Gainera, espazioan jaiotako haurren hezurdurak ezin izango lioke bere pisuari grabitatepean eutsi.

NASAko Sarah Arnaud ikerlariaren hitzetan, "Espazioan bizitzeko izaki ideiala biribila, hezur luze eta zurrunik gabea, izango da". Hortaz, eta hasiera batean aipatutakoari eutsiaz, tamalgarria litzateke benetan untzi erraldoi hauetakoren batean doazenak hamaika urte iragan ondoren planeta batera iristerakoan baliatzerik ez izatea. Beren pisuari grabitatepean ez bait liokete eutsiko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia