Espazioa hizpide
1997/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Inguratzen gaituen kanpo-espazioaren ikerketaren lehen garaietan egindako ahaleginak eta gizakia Ilargira eramateko proiektua berez justifikatzen diren erronka horietakoak dira. Gerora, zientziak bere garapenerako duen berezko indarrari esker, Artizarra, Merkurio eta Martitz ezagutzeko lanari ekin zitzaion; lehenik, planeta horiek orbitatu zituzten espaziuntziak bidali zituzten eta ondoren, Artizarrean zein Martitzen lurreratu zirenen txanda izan zen.
Horiek beste helburu batzuei ireki zieten bidea: batetik, gizakia Martitzera eramateko asmoari tokia eginez eta, bestetik, Jupiter eta beste kanpo-planetak hurbiletik aztertuko zituzten espaziuntziak bidean jarriz. Azken helburu hori ondo baino hobeto bete zuten Voyager zundek eta, jadanik beren onenak eman dituztelarik, Plutonen orbitatik kanpo doaz betirako urrunduz. Barne-planeten azterketaren eskemari jarraituz, urte bete pasa da Galileo zundatik askatutako modulua Jupiterren atmosferan murgildu zenetik.
Planeta honen atmosferaren dinamikan adituak direnek ur-lurrina aurkituko zela uste zuten; baina emaitzek ez dituzte iguripenak bete: ia ez da urik aurkitu Jupiterren atmosferan. Bitxia da, espero ez zen hainbat tokitan aurkitu baita azkenean. Edota agian esan beharko genuke azken hilabete hauetan Lurretik kanpo ura aurkitu denean prentsak aurkikuntza gehiegi lausengatu duela, ur hori aurkitzea espero izan ala ez.
Ganimedesen oxigenoa dagoela iragarri zuten joan zen azaroan baina horrek ez du harridurarik sortu adituen artean, iaz Europan (Jupiterren beste satelite batean) ere aurkitu zelako oxigenoa. Ganimedesen izotza dago eta izpi kosmikoen, meteoritoen, eta abarren erasoak direla medio hautsi diren ur izoztuaren molekulek askatu duten oxigenoa da Ganimedesen atmosfera mehean (sortzen duen presioa Lurrean duguna baino milioi bat aldiz txikiagoa da) aurkitu dena. Hortaz, oxigeno hori ez dago biziarekin lotutako inolako prozesurekin erlazionaturik, informazio guztietan azpimarratzen den bezala. Zergatik bada, horrenbesteko publizitatea eta bizi estralurtarraren aipamen hori?
Estatu Batuetako Defentsa Sailak oraintsu argitara eman duenez, Ilargiaren hego-poloko krater batean ere izotz-laku bat dago. Berria ematean gehien azpimarratu dena zera da, Ilargian kolonia iraunkor bat eraikitzea hein handi batean erraztuko lukeela. Eta hori guztia NASAko ikertzaile-talde batek Martitzen ustez bizia badela edo izan dela iragarri ondoren eta gizakia Martitzera eramateko balizko proiektu bati data jarri nahi zaionean.
“Galaxien gerraren” inguruko proiektuen premia desagertu zenean, NASAn eta RKA-n (Errusiako Espaziorako Agentzian) aurrekontuak etengabe murriztu dira (RKAren kasuan, denok ezagutzen ditugun beste arrazoi batzuk ere badira tartean). Saturno ezagutze hutsa edo gizakia Martitzen ikustea, aspalditxo Ilargian ikusi eta gero, ez dira, nonbait,indarra duten helburuak. Hori dela eta, zientzilariak berez justifikatzen den proiektu horietako baten atzetik dabiltza diru-iturriak gehiago itxi ez daitezen.
Eguzki-sisteman biziaren balizko aztarnak aurkitzera abiatzea izan liteke proiektu horietako bat, bidenabar gizakia berriro Ilargira eta Martitzera eramanez. Batzuen ustez, Lurraz kanpo bizia baden ala izan den erabat baieztatuko lukeen aztarnarik txikiena aurkitzeak bere garaian geozentrismoa baztertu izanak edota eboluzioaren teoria onartu izanak ekarri zuten adinako iraultza kulturala eragingo luke.
Nire ustez, ideia hauek sustatu behar izanaren ondorioak dira Ganimedesen oxigenoa aurkitu den iragarpenarekin batera kontura ez datozen bizi estralurtarraren aipamenak egitea edota Ilargian aurkitu den uraren garrantzia balizko kolonia iraunkor batekin lotzea. Kontuak kontu, urte amaieran bi espaziuntzi jaurti ziren Martitzen lurrera daitezen. Zalantzarik gabe berri interesgarri asko izango da datorren udan espaziuntziok bertara iritsitakoan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia