Espazioan saxoa jotzen
1999/11/14 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia
Lurrean saxofoia jotzea ez da batere erraza, baina lan hori are zailagoa da espazioko grabitate-kondizioetan egin nahi denean. Jean-Pierre Haignere astronauta frantsesak egin du aitorpena.
Haignere otsaila eta abuztua bitartean espazioko MIR estazioan egon zen. Denbora-tarte horretan MIRek Lurrari 3.000 itzuli eman zizkion, eta Haignerek behin baino gehiagotan izan zuen saxoa jotzeko parada. "Grabitaterik ez dagoenez —adierazi du— saxoak ez du pisurik. Beraz, egoera horretan oso zaila izaten da tresna posizio egokian edukitzea eta aldi berean tekla egokiak sakatzea". Adierazitakoa ez da espazioan musikarientzat dagoen eragozpen bakarra. Grabitate ezak diafragmari bularrean gora eragiten dioenez, ezin izaten da arnasa sakon hartu, eta nota altuetara iristea ia ezinezkoa izaten da. Hori gutxi balitz, txistuak ez du biderik egiten saxofoian, muturrean geratzen baita. Batez ere, jazz eta samba-doinuak jotzea gustatzen omen zitzaion astronauta frantsesari.
7kn argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia