Espazioko antibiotikoak: etorkizuneko sendagaiak ote?
2002/04/03 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Esperimentuan parte hartu zuten bakterioetatik, kolonia batek bi aldiz antibiotiko gehiago ekoitzi zuen. Emaitza ikusgarri horiekin zientzialarien eta botika-industriaren interesa piztu da, eta emaitza horien zergatia bilatzeari ekin diote.
Ikerlariek proposatu dute horrelako emaitza positiboak mikrograbitateak eragindakoak izan daitezkeela. Lurrean, grabitatearen eraginez, mikroorganismoen bizi-ingurumena osatzen duten substantzia astunak hondoratu egiten dira eta arinek goialdean geratzeko joera dute. Baina espazioan ez dago grabitate-indarrik eta substantziak ez dira sedimentatzen; flotatu ere ez dute, ordea, egiten. Egoera berezi horrek mikroorganismoen jarduera metabolikoan eragina izan dezakeela dirudi.
Horren adibide da espazioko mikroorganismoek duten egokitzapen-denbora laburra. Mikroorganismoek leku berri bat kolonizatzen dutenean, ingurune berri horretara egokitzeko denbora bat pasatu behar da koloniak osatzen hasi aurretik. Egokitzapen-denboraren amaiera jariatzen duten substantzia baten kontzentrazioak baldintzatzen du. Mikrograbitate-egoeran, badirudi egokitzapen-denbora txikiagoa dela, jariatzen duten substantzia hori zelulatik gertu geratzen delako, hots, kontzentrazio egokiak lehenago lortzen direlako. Egokitzapen-denbora laburra izateak koloniak azkarrago hazten direla esan nahi du. Beraz, epe berdinean antibiotiko gehiago ekoizteko ahalmena izango lukete espazioko mikroorganismoek.
Orain, mikrograbitatearekin lortu dena Lurrean nola errepikatu jakitea izango da zientzialarien erronka. Diotenez, gaur egun ekoizten denaren %1 baino gehiago ekoizteak urteko sei miloi dolar aurreztea ekarriko lioke botika-industriari.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia