Espazioko gorputz misteriotsuak
2001/03/05 Elhuyar Zientzia
Kometa eta asteroide hitzak esan orduko irudimena arrapaladan abiatzen da, misterio eta kondairak oroitzen baitituzte. Estatu Batuetatik jasotako hainbat film ikusi ondoren, ordea, espazioan gu suntsitzeko prest flotatzen duten gorputzak direla ematen du.
Eta egia erdibidean egoten denez, ez dira ez hain misteriotsuak ezta hain arriskutsuak ere. Egia da Lurraren historian gertatu diren hainbat iraungitze masibo asteroideekin erlazionatuta egon daitezkeela. Ezagunena, duela 65 milioi urte dinosauroak suntsitu ei zituen asteroidea da. Duela egun batzuk, orain 250 milioi urte jazo zen iraungitze masiboa ere (historiako handiena) asteroide bat erortzearekin lotuta egon daitekeela iradoki du ikerketa batek. Hala ere, Lurrera erortzen diren meteorito gehienek ez dituzte halako hondamendi handiak eragiten.Martxoaren 1ean, esaterako, Erresuma Batuko York hirian meteorito bat erori ote zen berria zabaldu zen. Zerutik iritsitako zerbaitek metro bateko zuloa egin zuen lurrean, baina oraindik ez da baieztatu meteorito bat den ala satelite baten zatiren bat izan daitekeen.
Bestalde, asteroideei eta kometei bizia zor izatea ere posible da. Izan ere, elkarrekin bat egindako asteroideek planetak eratu zituztela uste da (Lurra barne) eta ura kometetatik datorrela dioen teoria bat ere badago. Kometak izotza dira hein handi batean eta teoria horren arabera, minutu oro 20 kometa txiki sartzen dira Lurraren atmosferan. Ozeanoak, urtutako kometa horien urarekin eratu omen ziren. Teoria hau guztiz eztabaidatua da, halako kometak ez direlako inoiz behatu, nahiz eta ikertzaile batek berak egindako argazki batean ikus daitezkeela esan berri duen.
Meteoritoak (asteroide eta kometen hondarrak) uste baino maizago erortzen dira Lurrera, baina gehienak ez dira hondamendiak sortzeko adinakoak. Hala ere, eta badaezpada, Estatu Batuetan Lurrarekin talka egin dezaketen asteroide eta kometak zelatatzeko sistema martxan dago. Lasai egin lo, mundua seguru dago eta.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia