Espazioko mikroorganismo superahaltsuak
2004/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Planeta baten aurka talka eginda ere, mikroorganismo batzuek bizirik irautea lortzen dute. Hori uste du, behintzat, Britainia Handiko ikertzaile-talde batek. Haien esanean, litekeena da Martetik eroritako meteoritoetan planeta hartako organismoak etortzea Lurrera, baita hemen ugaltzeko gai izatea ere.
Ikertzaileek hainbat proba egin dituzte, eta ikusi dute mikroorganismoak gai direla 11 km/segundoko bezain abiadura izugarriak jasateko. Halaber, izoztutako azaleraren aurka talka eginda ere, irauteko gaitasuna dute; hortaz, Jupiterren Ganimedes edo Europa ilargietan ere aurrera aterako lirateke.
Lehen egindako probetan, mikroorganismo gutxi gelditzen ziren bizirik presio handiak jasanarazi eta gero. Gainera, eguzki-sisteman bidaiatzean, izpi kosmikoek eta erradiazio ultramoreek hilko lituzkeela uste zen.
Orain egindako ikerketan, Lurrean dagoen bakterio arrunt baten esporekin egin dute proba, eta, meteoro baten barruan egonda, talka jasateko gai izango litzatekeela ikusi dute. Izotzean eroriz gero, berriz, mikroorganismo are gehiagok iraungo zukeen bizirik. Emaitza horietatik ondorioztatu dute posible dela meteoritoetan zenbait mikroorganismo joatea planeta batzuetatik besteetara, edota haien ilargietara.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia