Espazioko teknologia, bertatik bertara
2006/02/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Astronauten osasun-egoera kontrolatzeko erabiltzen diren sentsoreak oso baliagarriak dira medikuntzan.
(Argazkia:NASA)
ESAk , Europako Espazio Agentziak, teknologia-transferentzia deitzen dio espazioko teknologia lurtar bihurtzeari, eta programa berezi bat du aplikazio horiek bilatzeko eta komertzializatzeko. ESAkoek uste osoa dute espaziorako garatzen den teknologiak onura handiak ekar diezazkiokeela eguneroko bizimoduari, arlo askotan, gainera: osasunean, ingurumenean, ingeniaritzan...
Hain zuzen ere, espazioko ingurunea benetan gogorra da, eta hor funtzionatzeko garatzen den teknologiak nahi eta nahi ez berezia izan behar du. Besteak beste, arina izan behar du, gogorra eta iraunkorra, eraginkorra, segurua, trinkoa, tenperatura oso handiak eta oso txikiak jasateko gai, eta erradiazioarekiko eta korrosioarekiko erresistentea. Noski, Lurrean ere, ingurune eta egoera askotan, guztiz estimatuak dira ezaugarri horiek dituzten tresnak eta aparatuak.
Gainera, teknologia-transferentziari esker, etekin handiagoa ateratzen zaio espazioko ikerketan gastatutako diruari. Eta, bide batez, aukera ematen dio kaleko jendeari ikusteko berez urrutirako garatutako teknologia hurbilekoa ere izan daitekeela. Izan ere, gutxien espero den tokian ikus daiteke teknologia-transferentziaren adibide bat.
Espazio-ontzitik ospitalera
Gaixotasun genetiko baten erruz, batzuek ezin dute erradiazio ultramorea jasan. Horientzako babesle berezi bat garatu dute, espazioko teknologian oinarrituta.
(Argazkia:ESA)
Medikuntzan, esaterako, ohikoa da espaziorako garatutako teknologia erabiltzea. Astronautek egoera bereziei egin behar diete aurre: grabitaterik eza, mugitzeko toki mugatua, estresa... Haien gorputzek nola erantzuten duten ikusteko, arnasketa, bihotz-taupadak eta bestelako parametroak kontrolatzen dituzten sentsore ugari jartzen dizkiete. Horietako asko ospitaleetan erabiltzen dira berehala.
Beste adibide bat mikroorganismoak suntsitzeko sistemak dira. Astronautak ezin dira gaixotzeko arriskuan jarri; beraz, ezinbestekoa da espazio-ontziko airean egon daitezkeen bakterio, birus eta onddo denak desagerraraztea.
Horretarako, eremu elektriko indartsua eta plasma hotza konbinatzen dituzten ganberak erabiltzen dituzte espazio-ontzietan, eta horixe bera erabiltzen dute dagoeneko Europako hainbat ospitaletan, batez ere immunitate-sistema oso kaltetuta duten pazienteak zaintzeko.
Aplikazio horiek nahiko begi-bistakoak badira ere, badaude beste batzuk deigarriagoak. Adibidez, gutxik jakingo dute unibertsoaren sorrera, zulo beltzak eta espazioan gertatzen diren hainbat fenomeno behatzeko asmatu diren aparatuak baliagarriak direla minbizia detektatzeko edo odol-fluxuari jarraitzeko.
Kirolean izar
225 km/h abiadura lortu nahi du Rossignol taldeak, Rosetta espazio-ontziaren materialarekin egindako eskiekin.
(Argazkia:ESA)
O
sasunetik pauso bat haratago emanda, kirolean ere eragiten du espazioko ikerketak. Esate baterako, astronautek ariketa fisikoa egiteko erabiltzen duten aparatu bat moldatzen ari dira etxean erabiltzeko modukoa izan dadin. Hori bai, etxeko gimnasia-aparatuaren publizitatea egiteko astronautak erabili nahi badituzte, jantzirik gabe nolakoak diren erakutsi beharko dute, bestela ez baitzaie ez giharrik ez beste ezer nabaritzen!Gorputza zaintzean ez ezik, kirol-materialean ere islatzen dira espazioko aurrerapenak. Izan ere, kirol askotan erabateko garrantzia du materialak, eta beti dabiltza material egokien bila. Rossignol enpresak, adibidez, eskiak egiten ditu, eta azkeneko aurrerapena Rosetta espazio-ontzian aurkitu du. Hango material bat erabilita, eskien dardara gutxitzea lortu du, eta, horrekin, eski gainean 225 km/h abiadura harrapatzea espero dute. Ez da marka makala!
Hala ere, agian minusbaliatuei egiten die mesede handiena aurrerapen teknologikoak. Arazo fisiko handiak dituen atleta batek baino gehiagok lortu du aurrera egitea eta markak hobetzea espazioko teknologiaz egindako protesiei esker. Noski, atleta minusbaliatuez gain, kirola egiten ez duten gutxitu fisikoentzat ere mesedegarriak dira halako aurrerapenak.
Ingurumenaren mesedetan
Espazio-ontziak, nazioarteko espazio-estazioa bezalaxe, ekosistema itxiak dira. Dauden baliabideekin moldatu beharra dago, zaila baita gehiago lortzea; hortaz, ahal den gehiena berrerabili eta birziklatu behar da. Gainera, hondakinak ezin direnez nolanahi kanporatu, ahalik eta gutxien sortzeko eta ahalik eta gehien aprobetxatzeko sistemak asmatzera behartuta daude espazioko ingeniariak.
Zer esanik ez, helburu horiek lortzeko sortzen den teknologia gero eta beharrezkoagoa da Lurrean, Lurra ere ekosistema itxia baita, nahiz eta espazio-ontzi bat baino handiagoa den. Ura arazteko sistemak, hondakinak baliatuz landareak hazteko metodoak, energia berriztagarriak erabiltzen dituzten motor eraginkorrak... denak dira espazioan bezain baliagarriak Lurrean.
Azken finean, argi dago Lurretik zerura bezainbeste begiratzen dela espaziotik Lurrera, baita teknologia aplikatzeko helburuarekin ere.
Basamortuan, etxean bezala
Basamorturako denda puzgarria.
(Argazkia: ESA)
ESAk asmatu duen dendak batek basamortuan txoko abegitsu bat izateko aukera ematen du.
Denda puzgarria da, arina, eta erraz eramateko modukoa, puztu gabe dagoenean toki gutxi hartzen baitu. L itxurakoa da, eta goialdean irekita dago, tenperatura egokiari eusteko behar den aire-lasterra sortzeko. Izan ere, basamortuan, airea azkar hozten da lurzorutik urrundu ahala. Hori aprobetxatzeko, haizemaile elektriko bat du, goiko airea barrura sartzeko.
Energia elektrikoa estalkian txertatuta duen eguzki-panel baten bidez lortzen du. Gainera, estalki horrek eguzki-erradiazioetatik babesten du.
Denda egiteko, espazioko paraxutak josteko eta larrialdietarako puzgarrietan oinarritu dira, eta ingurune gogorretarako dago diseinatuta.
Deia-n argitaratua.