Espaziora larrugorrian
2008/10/05 Arakistain Aizpiri, Lorea - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
—
—
ez da nolanahiko astronauta. Inolako babesik gabe, larrugorrian, espazio hutsean barrena ibili, eta onik itzuli da Lurrera. Esperimentu hau ez da batere gomendagarria gizakiarentzat. Ez, hainbat filmetan erakusten dutenez, lehertuko ginatekeelako, ez baita egia, gizakia espazioan ez da lehertzen; bai, ordea, ez genukeelako bi minutu baino gehiago iraungo bizirik. Esperimentu absurdu bat ote? Bai, honekin erradioterapiaz, eta, hortaz, minbizia sendatzeko bide batez, ariko ez bagina.Gure heroia, tardigradoa —ur-hartz izenez ezagunagoa— liken bustian edo goroldioan bizi da. Bere ingurunetik ateratzen bada, jarduera biologiko guztia geldiarazi eta bere ingurunera noiz itzuliko zain geratzen da. Loaldi-egoera horretan, gai da beroa, hotza nahiz espazioko erradiazioa ere jasateko.
Espaziorako bidaia 2007ko irailean egin zuten ur-hartzek, Europako Espazio Agentziaren FOTON-M3 espazio-ontzian. Espazio hutsean, ia animalia guztiek jasan zuten izpi kosmikoen esposizioa. Eta batzuek UV erradiazio-maila hiltzailea ere bai. Hibernazio-egoeran, zelulen egitura mantentzea lortu zuten, uretara itzuli arte. Lurrera itzulitakoan egindako azterketan, zelulen material genetikoa minduta egotea espero zuten zientzialariek, baina ez zegoen hala .
Gizakiak ez luke jasango
Beste edozein izakik ez luke horrelakorik jasango, babesa beharko luke espazioan bizirik irauteko, astronauten jantzia, hain zuzen ere. Hala ere, zenbait zinema-gidoilariren ustearen kontra, espaziora biluzik irtetearen emaitza ez da ikusgarria. Total recall filmean, Arnold Schwazerneggerri begiak bere tokitik ateratzen zaizkio, eta Outland filmean, berriz, burua lehertzen zaie astronautei. Horrelakorik ez litzateke gertatuko.
Gizakia espaziora biluzik aterako balitz, erradiazioa eta hotza jasangaitzak lirateke. Baina, batez ere, presio-gabeziak egingo lioke min. Hasteko, biriketako airea bat-batean atera egingo litzateke; arnasari eutsiz gero, birikak lehertu egingo lirateke. Tinpanoak lehertu egingo lirateke, eta gorputza puztu egingo litzateke, bi halako bolumena hartzeraino;ez, ordea, lehertu. Hala ere, ez litzateke konturatuko, oxigeno faltagatik konortea galduko bailuke, eta bi minutuan hilko litzateke itota. Eta kalte gehiago ere jasango lituzke. Baina... deskuiduan, istripuz, horrelakorik gertatuz gero, guztia ez dago galduta: segundo gutxi barru atzera espazio-ontzira sartuz gero, ziurrenik bere onera etorriko litzateke.
Horrelako zerbait gertatu zitzaion NASAko langile bati. NASAk berak jakinarazi zuenez, 1965. urtean, beren Johnson espazio-zentroan, trajeen erresistentzia hutsean neurtzen ziharduten. Espazioaren egoera imitatzeko, detekta daitekeen neurriraino molekulak ateratzen dira, eta hutsa sortu. Langile bat huts-ganbera horietako batean geratu zen harrapatuta. Hamabost segundoan konortea galdu zuen, eta gogoratzen duen azken gauza da ahoko txistua irakiten zuela. Hogei segundora, ganberako presioa igotzen hastearekin bat, kontzientzia berreskuratu zuen. Istripuak ez zion ondoriorik utzi.
Erradiazioari aurre egin
Istripua ganbera batean beharrean espazioan gertatu izan balitz, ondorioak izango lituzke. Garaiz erretiratu eta presioaren kalteetatik errekuperatu arren, UV izpien erradiazioak eragindako kalteek ez lukete bueltarik. Erredura larriak izango lituzke gorputz osoan.
Espaziora bidaia egin zuten ur-hartzek, ordea, ez zuten erreduren arrastorik. Zientzialariek ez dute sinesten erradiazioak DNAn kalterik egin ez zienik, eta astronauta txiki hauek min hori konpontzeko gai izan zirela uste dute. Hala balitz, minbiziaren aurkako tratamenduan erabiltzen den erradioterapia hobetzeko aukera bat litzateke. Izan ere, egungo tratamenduetan, osasuntsu dauden zelulei ere egiten die kalte erradioterapiak.
DNAren konponketan eragiten duten molekula bereziak daudela frogatuko balitz, erradioterapian aurrerapen handia egiteko moduan egongo lirateke.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia