}

Espaziorik ez Nasarentzat

1994/05/01 Wade, Nicholas Iturria: Elhuyar aldizkaria

Mars Observer Martitz gure bizilaguna kartografiatzeko diseinatuta zegoen. NASAk mila milioi dolar gastatu zituen hura egiten, baina akats gabea egitea ez du lortu. Iazko abuztuan, bere helburura hurbiltzen ari zelarik, komunikazioa eten egin zen eta Martitzeko postal-katea amaigabeak ez zuen hasierarik ere izan.

Akats hau eta beste batzuk espazioaren esplorazioarentzat eta bere babestaileentzat ezin zitezkeen garai okerragoan etorri. Ez dago jada SESB Ilargian edo Martitzen irabazi beharrik. NASAk ez dauka esaterik industria puntako teknologiaz hornitzen duenik; hark aspaldi gainditu baitu material zein ordenadoreetan.

Azken urteotako etekinari begiratuta, ez ote litzaioke NASAri bere 15 mila milioi dolarreko aurrekontua kendu eta dirutza hori beste zeregin batzuetan erabili behar?

Pentsa une batez NASArik ez dagoela, gizakiak maneiatutako untzi traketsetan ez dela inbertsio ikaragarririk egin. Espazioko esplorazioa beharko al genuke? Zein argudio erabil daiteke espazio-agentzia zibil berria abiarazteko?

Bat hauxe da: hor kanpoan zer aurkitua asko dagoela. Eguzki-sistema aurkitzen hasi berri gareneko gauza miresgarriz josita dago, Eguzki-argiaren mugetan, argilunetan, flotatzen ari den Neptuno burbuila urdinetik Saturnoren eraztunetako hamaika satelitetxoetaraino.

Aurkikuntzez gain, segurtasunaren aukera da beste arrazoietako bat. Ez al dira bi planeta bakarra baino hobe? Martitz izan liteke, akaso, Eguzki-sisteman abegitsu errazen bihur daitekeen tokia.

Bestetik, gizateriak Lurraren mugak gaindituko dituenik ez dago dudarik. Zergatik ez hasi ahalik eta azkarren?

Dena den, ezagutza zientifikoa sakontzea da, agian, espazioa esploratzeko arrazoirik sendoena. Ondorio praktikorik ez duen ikerketa gobernuen betebeharren artean egotea sozialki onartzen da; batzuetan ustegabeko onurak dituelako, hain segurki.

Planeten esplorazioa ez da merkea, baina krimena eta pobrezia ezabatzea lehentasun-maila txikiagoko beste ezer egiteko aurrebaldintza izango balitz, gobernuak ez luke opera, ingurugiroaren babesa edo quark-en ehiza lagunduko. Gizakia ilargiratzeko Apolo proiektuak arrakasta izugarria izan zuen; 25 mila milioi dolar kostatu zen ia. Dirutza hori gizarte-programetan erabili izan balitz (non bidenabar dirua askotan gutxienekoa den), bere eragina aspaldi desagertua zatekeen.

Arazoa beste bat da. Urtean 15 mila milioi dolar erabili beharrean 5 mila milioi bakarrik baliatuta lehen mailako espazio-programa antola daiteke. Horretarako jendea Lurrean utzi behar da eta espaziora ordenadorez gidatutako untziak bidali behar dira. Gizakiaren segurtasuna bermatzeak jaten du NASAren aurrekontuan lehoiaren zatia. Nahiz eta gizakiak inoiz Lurretik at biziko diren, ez dago hori horren azkar egin behar dela esaten duen programa logikorik.

Los Alamos eta Livermore-n, munduko fisikari- eta injineru-talde onenetako bi erronka intelektual baten bila ari dira egun, arma nuklearren diseinuak gailurra harrapatu duelako ia. Utz ditzagun bi laborategi horiek espaziuntziak egiteko lehian, lehen buru nuklearrak egiten aritu ziren grina berean. Bertako zientzilariek erronkari aurre egingo liokete eta beren abileziak Lurraren beste aldearen misterioak esploratzeko goi-mailako makinak sortuko lituzke.* The New York Times Magazine delakotik Inaki Irazabalbeitiak itzuli eta moldatutakoa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia