Espaziotik gaixotasunei aurre egiteko bidea
2001/02/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Ur-putzuak eltxoen haztegi bilakatzen dira eta malaria kutsa dezakete, eta ur zikinak eta hondatutako janariek tifusa eta kolera zabal ditzakete. Gainera, errefuxiatu-kanpamentuetan pilatutako jendearen artean errazago zabaltzen dira meningitisa eta elgorria bezalako gaitzak.
Zientziaren Aurrerapenerako Elkarte Amerikarraren (AAAS) aurtengo bileran, hondamendiaren hedapena neurtzeko tresnarik egokiena satelitea izan daitekeela azaldu du Stephen Guptill-ek. Horretaz gain, jendearen lekualdaketen berri ere jaso dezake.
Sateliteak bildutako informazioari inguruko mapa geografiko zehatzak gehituz eta, adibidez, eltxoen erroldaren edo banaketaren informazioarekin elkartuta, hainbat gaixotasunen arriskua aurreikus daiteke.
Zailtasun handiena mapa zehatzak eta datu jakinak xehetasunez jasotzean datza. Horrek asko garestitzen du proiektua, Interneten erabilerak jendeak jasotako datuen bilketa asko errazten duen arren.
Etorkizunean, Gurutze Gorriak hondamendien ondorioei erantzuna emateko eta arriskuak aurreikusteko informazio hori mundu mailan erabil dezake. Adibidez, Estatu Batuetako hego-ekialdean, urakanak eta udako ekaitz bortitzak jasaten dituzte eta entzefalitisa transmititzen duten eltxoak daude. Horregatik, han hasi dira dagoeneko sistema horiek garatzen, laguntza handikoak izango direlakoan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia