Espaziotik, zuzen-zuzenean gure bizitzara
2010/02/20 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Espazio-agentziek milioiak eta milioiak xahutzen dituzte beren misioetan eta proiektuetan. Europako Espazio Agentziak (ESA), esate baterako, 3.028 milioi euroko aurrekontua izan zuen 2008an. Guk, oinezko biztanleok, probetxua ateratzen diegu inbertsio horietako batzuei. Adibide garbi bat dira GPS-sistemak edo eguraldiaren iragarpenak (Lurraren inguruan biraka dabiltzan sateliteen bidez egiten dira).
Dena den, sateliteekin lotuta ez dauden erabilerak ere lortu ditugu espazio-agentziek garatutako teknologietatik,gure eguneroko bizitzarako baliagarri bihurtu baitituzte horietako batzuk. Iaz, urte-bukaeran, ESAk liburu bat argitaratu zuen azkenaldian espazioko teknologiarekin lotuta egin diren transferentziak aurkezteko: Down to Earth: How space technology improve our lives .
Argitalpen horretan ageri da, adibidez, zenbat erabilera eman dizkioten Nazioarteko Espazio Estazioko (ISS) beso robotiko baten sentsoreei. Beso robotikoa osagai eta modulu handiak mugitzeko erabiltzen dute ISSn, eta, mugimendu horietan talkarik eta ezbeharrik ez gertatzeko, presioa neurtzeko ukimen-sentsore batzuk jarri dizkiote.
Lurrerako hamaika erabilera aurkitu dizkiete sentsore horiei, hala nola autoetako airbagak aktibatzeko sistema gisa erabiltzea. Pertsona zaharrak zaintzeko baliabide gisa ere erabiltzen dituzte: esate baterako, gauez, zaintzaileek jakin dezakete zaintzen duten pertsona ohetik altxatu den.
Beste adibide batean, ESAko argitalpenak azaltzen du espazioko teknologiei esker erraztu egin dela diabetikoen bizimodua. Hain zuzen, intsulina bere kabuz sartzen den ponpa bat garatu dute. Ponpak eskumuturreko-itxura du, eta pazienteek larruazalaren azpian sartuta eramaten duten orratz txiki bat du; aldian-aldian, ponpak intsulina-dosi bat sartzen die pazienteei. Bada, ponpa martxan aritzeko beharrezko elektrizitatea pazientearen mugimendu hutsarekin sortzen da, espazioa aztertzeko garatutako material piezoelektrikoak dituelako. Material horiek gai dira gorputzaren mugimenduen energia jasotzeko eta elektrizitate bilakatzeko.
Bestalde, eta erabilera hutsalago bat ematearren, urdaiazpikoen kalitatea neurtzeko modu bat ere garatu dute, espazioko teknologian oinarrituta. Dirudienez, urdaiazpikoen kalitatearen adierazle onenetako bat haragiaren ur-kantitatea da. Behar bezala onduta egoteko, ur-kantitate jakin bat izan behar dute urdaiazpikoek; ez gehiegi, ez gutxiegi.
Bada, lan hori egiten duen tresna bat garatu dute, astronauten gorputzean gertatzen diren likido-mugimenduei antzemateko tresna bat oinarri hartuta. Bidaia espazialetan, garrantzitsua daastronauten fluidoen atzera-aurrerak kontrolatzea, mikrograbitate-egoeran gorputzeko fluidoek gorantz joateko joera baitute.
Jadanik asmatuta dauden tresnei erabilera berriak bilatzeari teknologiaren transferentzia esaten diote, eta era aktiboan egiten den gauza bat da. ESAk azaldu duenez, Technology Forum izeneko talde bat dago, etabi erabiltzaile-mota elkartzen dira han: batetik, espazio-agentziak, garatu duten teknologia eskainiz, eta, bestetik, hainbat lanbide-sektoretako ikertzaileak, une horretan dituzten beharrak asetzeko irtenbideen bila. Izan ere, ESAkoek esaten duten bezala, "dagoeneko asmatuta dauden teknologiak berez ez zituzten egitekoetarako erabiltzea da berrikuntza eraginkorrena".
Ortzadar-e n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia