Espedizio ozeanografikoak, ontziak bete lan
2011/11/01 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Malaspina izan da azkenekoa. Espedizio ozanografikoak iraun duen zazpi hilabeteetan noiznahi agertu da komunikabideetan non zebilen Hespérides ontzia, zertan zebiltzan ikertzaileak, eta abar. Uztailaren erdian bukatu zuten munduaren inguruko bira, eta bukatutzat jo dute komunikabideek abentura hori. Ikertzaileentzat, ordea, orduantxe hasi zen benetako lana, oraindik ezezaguna den ozeano sakona ezagutzera eramango dituena.
Ikertzaile-talde askorentzat "laginak biltzeko landa-lana da espedizioa bera; aztertu beharreko lagin-bilduma bat dute orain, sekulako lagin-mordoa: batzuek ikuspuntu taxonomikotik aztertuko dituzte, genoma-bilduma egin beharko dute beste batzuek, eta abar", dio Juan Iriberrik, Malaspina espedizioan parte hartu zuen EHUko mikrobiologoak.
Ez zen hori izan, dena den, Iriberriren taldeak Malaspinan izan zuen lana: "Ikerketa-lanaren zati bat itsasontzian bertan egin behar izan genuen --argitu du--. Gure eginbeharra izan da laginketa-estazio bakoitzean bakterioen jarduera neurtzea. Zehazki, bakterioen hidrolisi-jarduera neurtzen dugu, hau da, zer gaitasun duten ozeanoaren puntu eta sakonera jakin bateko bakterioek inguruan dituzten makromolekulak zatitzeko".
Izan ere, itsasoan, makromolekula-forman egon ohi da materia organikoa, hala nola proteina- edo karbohidrato-kate handietan. Bakterioek, berriz, aminoazidoak edo azukre-monomeroak bakarrik barneratu ditzakete. Hortaz, makromolekulak zatitzeko entzimak kanporatu, eta zatitutako horiek jaten dituzte. Bada, "laginketa-estazioetan sakonerarekin batera jarduera hori nola aldatzen den neurtu dugu. Jarduera neurtzeko, ezinbestekoa da bakterioak bizirik egotea, eta jaso diren lekuko kondizio beretan eustea. Horrenbestez, itsasotik atera ahala hasi behar genuen haiek aztertzen, lehenbailehen", azaldu du Iriberrik.
Lehenengo azterketa-lanak bertan egin behar izan bazituzten ere, Iriberriren arabera, "oraindik ez dugu emaitzarik atera; urtebete inguru beharko dugu ondorioak ateratzeko, eta mikrobiologia-azterketetan aritu diren gainerako taldeekin elkartzeko. Izan ere, datu asko eta asko ditugu orain aztertu eta interpretatzeko".
Iriberrik azaldutako lan hori mikroorganismoekin lanean egon den ikertzaile-taldeari dagokio. Malaspina espedizioan, ordea, beste zenbait gai-bloke izan dituzte aztergai (fitoplanktona, zooplanktona, poluitzaileak, optika ozeanikoa, eta abar). "Bidaian, bilketa-lana besterik ez dute egin horietako askok; orain hasi behar dute lanean jasotako lagin-multzo izugarri handiarekin: mundu osoko ozeanoetako 170 estazio edo puntutan jaso ditugu laginak, eta, 70.000 lagin jasotzea aurreikusi bagenuen ere, azkenean, 200.000 inguru jaso ditugu", dio Iriberrik.
Zailtasunak: finantziazioa, koordinazioa...
Hemendik aurrerako lana egiteko baliabide gehiago beharko dituztela argi ikusten du Iriberrik: "Malaspina proiektuan espedizioa finantzatu da batez ere. Hemendik aurrera, espero dugu espedizioan parte hartu dugun taldeek lan egiten jarraitzeko nahikoa finantziazio lortzea. Lortzen ditugun baliabideen araberakoa izango da gizarteari eman ahal izango diogun ezagutza-maila; diruak agintzen du".
Eskarmentu handia du EHUko Iñaki Saiz zoologoak espedizioen ondoko finantziazioari dagokionez. Bentart espedizioetan parte hartu du Saizek, proiektuak izan dituen lau espedizioetan. 1994an egin zuten lehenengoa, eta, 2006an, azkena. Antartikako itsas hondoko biodibertsitatea aztertzeko helburua du Bentartek. "Lehenengoan Antartikako eremu samurrenera joan ginen, Livingston uhartera, ez baikenuen esperientziarik. Hala, esperientzia eta geure buruarengan segurtasuna hartu genituen. Orduan pentsatzen duzu taldeak aurrera jarraitu dezakeela eta errazagoa egingo zaizula hurrengo espedizioetarako finantziazioa lortzea. Baina beti ez da horrela izaten. Zenbaitetan gertatu zaigu espedizioak egiteko diru-laguntzak eskatzea, eta behin eta berriz ezezkoa jasotzea", gogoratu du Saizek.
Bidaietan bildutako materiala aztertzeko, gainera, "nahiko gaizki finantzatuta egon gara --dio Saizek--. Beste bide batzuetatik lortu behar izan ditugu materiala aztertzeko beharrezko baliabideak, hala nola martxan duzun proiekturen batetik denbora-tarte bat aterata, edo Espainiako Ozeanografia Institutuaren eta unibertsitatearen funtsez baliatuta". Ikertzaile gazteei ikertzeko aukera emanez ere bultzadatxoak ematen dizkiote bildutako materialari.
Izan ere, "laginak aztertzeko lan-sekuentziak oso luzeak izaten dira: animalia-talde bakoitzean espezializatutako talde bakoitzak bere aldetik egin behar du espezieen identifikazioa, zenbaketa eta abar. Egia esan, zerbaitetan sakontzen hasiz gero, berehala ateratzen dira berrikuntzak, eta argitaratzeko gauza interesgarriak". Baina arazoa da "beste hainbat zereginekin batera egin behar izaten ditugula lan horiek, eskolak direla, beste proiektuak direla..."
Nork bere lana egiteaz gain, diziplina desberdinetako ikertzaileen lanak batzea interesgarria eta aberasgarria dela uste dute biek ala biek. Honela dio Saizek: "Oso interesgarria da norberaren animalia-taldean lortutako emaitzak elkartzea, eta horiek guztiak Antartikan aurkitutako inguruneko kondizioekin erlazionatzea". Malaspinaren "zatirik politena" izango delakoan dago, halaber, Iriberri: "Gure kasuan, adibidez, garrantzitsua da, bai, bakterioen jarduera aztertzea, baina emaitzak esponentzialki aberastuko dira jarduera hori zer bakteriok egiten duten baldin badakigu, eta horri gehitzen baldin badiogu zenbat materia organiko zegoen disolbatuta guk neurketak egin ditugun puntu bakoitzean, eta kualitatiboki halako materia organikoa zegoela jakinda, eta abar. Azterketa horietako bakoitza ikerketa-talde batek egin du, eta denak elkartzean lortuko dugu nazioartean puntako argitalpenak egiteko moduko informazioa".
Hasieratik izan dute Malaspina espedizioan lanak bateratzeko asmoa. "Hori da, hain zuzen, Malaspinan benetan garrantzia duena", nabarmendu du Iriberrik. Talde guztiek agindutako lana adostutako epean egitea, eta guztien jarduerak koordinatzea, dena den, "lan nekeza da oso", Saizek Bentart proiektuan ikusi ahal izan duenez.
Aurkikuntzak, barra-barra
Zailtasunak zailtasun, Saizentzat "eragingarri handi-handia da Antartikara itzultzea. Nik, behintzat, aukera badut, ahal dudan guztia egingo dut joateko. Liluratuta egoten zara egun batzuetan, eta zoragarria da bertatik bertara ikustea literaturan aipatzen dena. Adibidez, gigantismoa. Hemen ertainak diren animaliak izugarri handiak dira han. Aszidiak (tunikatuak), esate baterako, 1-2 zentimetrokoak dira hemen. Han, berriz, 30 zentimetroko animaliak dira; ia-ia ukabila sartzen da haien sifoietan!".
Ezagutzen ez ziren aurkikuntzak ere egin dituzte Bentart proiektuan. Saizek azaldu duenez, "deigarriena arrain-espezie berriak aurkitzea izan da. Izan ere, oso ohikoa izaten da ezagunak ez diren ornogabe-espezieak topatzea, baina ornodunetan espezie berriak, baita genero berriak ere, aurkitzea arraroagoa da. Guk, ordea, dezente aurkitu ditugu, batez ere 2003ko kanpainan".
Oro har, "uste baino askoz lan gehiago argitaratu ditugu proiektuan hasi ginenetik --dio Saizek--. Urtero hiruzpalau artikulu argitaratzen ditu taldeko norbaitek inpaktu handiko aldizkarietan, eta, denera, berrehun argitalpen baino gehiago ditugu dagoeneko. Eta harrigarria bada ere, azkeneko kanpainatik bost urte pasatu dira, eta argitaratzen jarraitzen dugu".
Horrelako proiektu handiek argitaratzeko inertzia hartzen dutela uste du Saizek: "Laginak aztertzeak hainbeste denbora hartzen duenez, lanak argitaratzeko denbora ere asko luzatzen da. Oraindik ere badago zer aztertu".
Dena den, orain, onena "beste espedizio baterako elkartzea izango litzateke --dio Saizek--. Gizakiak gara, eta estimuluek bultzatzen gaituzte. Espedizioetan parte hartzeak ematen dizun motibazioa hozten joaten da denborarekin. Orain, bost urte daramagu horrela. Nik izugarri maite dut Antartika. Baina errealitatea oso burugogorra da, eta behin eta berriz gogorarazten dizu ez dagoela dirurik, eta dagoena askoren artean banatu behar dela".