Espeleologoen kuttuna argitara
2007/09/28 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Hara sartu ezik, orain arte nekez ezagut zitekeen Euskal Herrian daukagun lur azpiko altxor handienetako bat: Karlistaren torka. Baina espeleologia- eta argazkilaritza-espedizio bikain bati esker, argazki bidez ezagutu dugu.
Karlistaren torka 712 metroko garaieran dago, Karlista mendiaren gailurrean ia, Enkarterrin. Egitura karstiko bikain hori behar bezala ikusteko, mendiaren barruan sartu, eta 340 metro jaitsi behar da. Torkak edo dolinak oro har sakonune txikiak izaten diren arren, hori itzela da: 500 metro luze eta 230 metro zabal da, eta sabaia 125 metroko garaieran du. Neurri horiekin, Europan ezagutzen den lur azpiko gela handiena da, eta munduko hirugarrena. Adituek diotenez, Euskal Herriko lur azpiko egitura monumental handiena da Pozalaguakoarekin batera.
Ezaugarri horiek kontuan izanda, argi dago ez dela lan erraza izan argazkiak ateratzea. Materiala haraino jaitsi behar izan dute, eta espazio handi hori behar bezala argiztatu. Lanak Jabier Les argazkilari eta espeleologoak zuzendu ditu, eta Alfonso Antxia espeleologia-zientzien elkarteko kideen eta Durangoko GEMA espeleologia-taldeko kide baten laguntza izan du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia