Espezie labainkorrak, estereotipo likatsuak
2013/07/01 Medina, Rafa - Conneticuteko Unibertsitateko biologoa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Inoiz edo behin gertatzen da ideia bat adierazteko modu jakin bat bereziki erakargarria suertatzen dela, asimilatzen eta erreproduzitzen erraza, eta, azkenean, zaila dela alde batera uztea erabat zuzena ez dela ikusitakoan. Likatsua izango balitz bezala. Sarritan kritikatzen da, esate baterako, eboluzioa irudikatzeko erabiltzen den adibidea: oinezko hominidoen ilara, gizaki moderno tente bat buruan, eta tximino iletsu eta makurtua beste muturrean. Egia da gizakia beste primate batzuetatik datorrela, baina egia da, halaber, irudi horrek eboluzioaren ideia okerra transmititzen duela, aurrerapena eta hobekuntza helburu dituen prozesu lineala iradokitzen baitu.
Hain ezaguna ez den arren, antzeko arazo bat izaten dugu biologian 'espezie' terminoarekin zer adierazi nahi dugun azaldu nahi dugunean. Zientzian interesatutako jende-sektore zabal bati eta biologo askori burura etorriko zaie definizio baten eta beste baten aldekoen artean dagoen eztabaida amaiezina. Dozenaka urte daramatzate ados jarri ezinik, eta inoiz ez dira izango iritzi berekoak, espezieak geure buruan baino existitzen ez diren giza konbentzioak direlako segur aski. Ausartenek, agian, espeziearen kontzeptu biologikoa defendatuko dute (institutuan ikasi genuen definizio hura, hau da, elkarrekin ugaltzeko gaitasuna duten eta ondorengo ugalkorrak ematen dituzten populazioen multzoak direla), definizio txarren artean onena.
Esan beharra dago ezen, populazioaren gehiengoarentzat gai zientifikoen artean erakargarriena ez izan arren, gai honi ez zaiola garrantzirik kendu behar: espeziea, nolabait esateko, biodibertsitatearen funtsezko unitatea da. Kezkagarria litzateke esatea espezieei ezarritako mugak biologo gutxi batzuek arbitrarioki hartutako erabakien ondorio direla --eta ez ikerketa zientifikoaren ondorio, muga eta guzti--, kontuan hartuta flora- eta fauna-zerrendetan espezieak agertzeaz gain zerrenda horiek oinarritzat hartzen direla klima-aldaketa ebaluatzeko metaanalisi ekologikoetan edo irizpide garrantzitsuak ezartzeko erabiltzen direla gune babestu batzuen kontserbazioari lehentasuna emateko beste batzuen aldean.
Zorionez, benetako panorama ez da estereotipo likatsuak iradokitzen digun zoro-etxea. Bai, egia da ez dagoela adostasunik espezie bat plano teorikoan nola definitu behar den esateko; eta egia da, halaber, gai hori zenbait zirkulutan plazaratzeak eztabaida sutsua eragin dezakeela bat-batean. Alabaina, espezieak mugatzeari eta aurkitzeari buruz egiten diren ikerketen emaitzak ez dira asko aldentzen beste kontzeptualizazio zientifiko batzuetatik: zehaztapena (eztabaida eta akatsez ukitua, beti bezala) kidekoek berrikusita egiten da, eta beste aditu batzuek egiaztatu edo ezeztatu dezakete. Eztabaida oso plano teorikoan geratzen dela dirudi; baina, praktikan, kontzeptu desberdinek ez dute zertan batak bestea kanpoan utzi. Elefante bat deskribatzen saiatzen ari diren itsuen kontakizunean bezala, espeziearen definizioak gai beraren gaineko ikuspuntu desberdinen emaitza dira: normalean, zehaztutako espezie bat modu koherentean ezagut daiteke hainbat ikuspuntutatik (morfologikoa, ekologikoa, filogenetikoa...).
Zerk eragiten du, orduan, "zarata"? Ezein espezie-definizio ez da hutsezina (bakarren bat balitz, eztabaida ez litzateke hainbeste luzatuko), eta, aldi berean, ezein ez da hutsalkeria ere. Esate baterako, kontzeptu biologikoa erakargarria eta likatsua da, baina ezin da, inola ere, irizpide unibertsaltzat ezarri (hibridazioa oso modu sinplean ulertzen duelako, edo ugalketa sexuala duten organismoetara mugatzen delako). "Espeziearen kontzeptu" desberdinak baliagarriagoak dira aztarna gisa definizio gisa baino. Gero eta gehiago, espezieak deskribatzeko eta mugatzeko, ahalik eta datu gehienen azterketa integratua behar da: morfologia konparatua, filogenia, paleontologia, ekologia...
Egia da espezieen kontzeptualizazioa eta mugatzea inguratzen duen oro labaingarria dela, zenbait arrazoirengatik. Horietako bat ziurgabetasuna da. Organismo batzuen eta besteen arteko loturak aurkitzea oso lan zaila izaten da; are gehiago kontuan hartzen badugu ezin ditugula organismo guztiak hartu eta haien DNA erauzi, ezta guztien arteko gurutzaketak gauzatu ere ondorengo ugalkorrak izaten dituzten ala ez ikusteko, eta ez ditugula ezagutzen iraganeko fosil guztiak erabaki bat eta ez bestea hartzen laguntzeko. Gure ezjakintasuna izugarria da; beraz, erabaki taxonomikoak laneko hipotesiak dira beti, eta, sarritan, informazio gehiago lortu ahala, gero eta egonkorragoak diren beste batzuekin ordezten ditugu. Ez dugu nahasi behar ziurgabetasun hori arbitrariotasunarekin edo apetarekin.
Kontuan hartu beharreko beste elementu bat denbora da. Bizitzaren arbolan une jakin batean gertatutako etenaren emaitza dira espezieak; baina, biosferako organismo guztiek arbaso bera izan dutenez, espezieak denboran zeharreko jarraitutasun baten parte dira. Izaera bikoitz hori, aldi berean jarraitua eta etena izatea, zailtasun bilakatzen da espezie bat bitan bereizten denean (espeziazioa). Espeziazio-prozesu bat aztertzea nahasgarria gerta daiteke, garatzen ari den prozesu baten --ezin aurreikus daitekeena-- irudi finkoa ikusten ariko garelako: espeziearen kontzeptu desberdinak agian ez dira koherenteak izango bata bestearekiko, aztergaia trantsizioan dagoen kasuetan, eta arazoa definizioak desberdinak izatean dagoelako irudipen faltsua izango dugu.
Biologia bezalako zientzia bat garatu al daiteke itxuraz mundu guztiak erabiltzen duen baina bizpahiru lerroko definizio batean sartu ezin den kontzeptu giltzarri baten inguruan? Badirudi baietz. Estereotipo likatsuak egonda ere, ez dago arrazoirik zalantzan jartzeko espezieak zientziaren bere-berezko elementuak direla, geneak eta ekosistemak diren bezalaxe. Zailtasuna, beharbada, hizkuntzaren mugak dira, eta ez ekinaren ekinez entitate horiek aurkitu eta ezaugarritzeko dugun gaitasuna.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia